argia.eus
INPRIMATU
405 milioi euroko isuna jaso du Instagramek, nerabeen datuak gaizki kudeatzeagatik
  • Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak 405 milioi euroko isuna ezarri dio Instagram plataformari, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra urratzeagatik.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 07a

Ikerketaren emaitzen arabera, Instagram plataforman kontu profesionalak zabaldu ahal izan zituzten 13 eta 17 urte bitarteko gaztetxoek, Facebook Irlanda enpresak hala baimenduta. Kasu batzuetan, adin-txikiko nerabeen telefono zenbaki edo posta elektroniko helbideak gainerako erabiltzaileen bistara jarri zituzten, kontu komertzialen ezaugarriak direla-eta.

Bestalde, adin-txikikoek Instagramen zabaldutako kontuak automatikoki “kontu publiko” gisa konfiguratuta zeuden, erabiltzaileak berak propio pribatu gisa jartzen ez bazuen. Horrela, nerabeen sare sozialeko edukia publikoa zen hasieratik.

Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak 2020ko irailean hasi zuen ikerketa, batzordeari helarazitako informazioari tiraka. Instagramek nerabeen datuen babeserako legeak urratu zituela ebatzita 405 milioi euroko isuna jarri dio enpresari. Hurrengo astean emango dituzte hartutako erabakiari buruzko xehetasun gehiago.