Estrasburgon 30.000 pertsona batu dira Kurdistanen aldeko manifestazioan, igandean, hedabide kurduen arabera. Abdullah Öcalan mugimendu kurduko buruaren askatasuna, Kurdistango estatusaren aitortza eta Turkia Afrinen egiten ari den bonbardaketak berehala gelditzeko eskatu dute.
Aurreko urteetan bezala, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren egoitza-hiriak Europatik etorritako kurduak hartu ditu, gehienak Frantzia eta Alemaniatik iritsitakoak. Otsailaren 9an Luxenburgotik abiatutako 200 internazionalistak gidatu dute Estrasburgoko manifestazioa.
Amaiera eman dio diasporako kurduek antolatutako Martxa Internazionalari. Egun bat lehenago Ginebran izan ziren, Nazio Batuen Erakundearen egoitzaren parean.
Mobilizaziora hurbildu nahi izan zutenek zailtasunak izan dituzte, polizia frantsesak hiriko sarrera gehienak itxi baititu. Antolatzaileek salatu dute martxa eragozteko asmotan egin dutela.
Manifestazioa ekitaldi handi batekin bukatu da: komunikatu bat irakurri dute, nazioarteari eskatuz Rojava eskualde kurdu-siriarrean Turkiaren okupazioaren aurka neurriak hartzeko. Alabaina, ekitaldiaren bukaeran faxista turkiarrek eraso egin diote Batasun Demokratikoko Alderdiko (PYD) kide baten autoari.