argia.eus
INPRIMATU
40.000 Coca-Cola poto katalanez etiketa dezaten eskatzeko
  • Maiatzaren 31n, 40.000 Coca-Cola poto, Etiquetau en català leloa Bartzelonako Catalunya plazako zoruan idazteko. Plataforma per la Llengua gobernuz kanpoko erakundearen ekimena izan da. Coca-Cola ez da jomuga bakarra.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2014ko ekainaren 02a
Catalunya plazan 40.000 Coca-Cola poto bildu zituzten, espero zutenaren bikoitza. Argazkia: Plataforma per la Llengua.

1993an, erakundea sortu zenean, ekimen bera egin zuten eta 15.000 poto bildu zituzten. Gauzak asko aldatu ez diren seinale. Coca-Colak bere freskagarriak 200dik gora herrialdetan banatzen ditu eta katalan hiztun kopurua baino gutxiagoko komunitateei euren hizkuntzan etiketatutako produktuak saltzen dizkie.

Coca-Cola adibide bat baino ez da. Plataforma per la Llenguak emandako datuen arabera, Kellogg’s, Bayer, Danone, Durex eta Nestlé enpresek Finlandian suedieraz etiketatzen dute, Belgikan frantsesez eta Suitzan alemanez. Herrialde horietan, hizkuntza horietako hiztun kopurua murritzagoa da katalan hiztun kopurua baino.

Katalunian, produktuen %90 ez dago katalanez etiketatuta. Legez, herritarrek eskubidea dute katalanez etiketatutako produktuak izateko eta enpresak eskaintzera derrigortuta daude. Hala ere, enpresek ez dute betetzen eta administrazioak ez du inolako isunik jarri.