argia.eus
INPRIMATU
4.000 produktu homeopatiko inguru ezingo dira saldu Espainiako Estatuan
  • 2.008 produktu homeopatikok eskatu dute merkaturatzeko baimena Espainiako Estatuan, eta lizentzia lortu beharko dute orain. Horietatik 12k eskatu dute medikuaren baimenarekin soilik eskuratu ahal izatea produktua. Baimenik eskatu ez duten gainerako guztiak (lizentzia lortzea gastu ekonomiko handia da), 4.000 produktu inguru, ez dira erregistratuko eta beraz ezingo dira saldu.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko urriaren 31

Europar Batasunak homeopatia medikamentu gisa hartzearekin ez dator bat Espainiako Osasun Ministerioa. PPren agintaldian produktu hauen erregistro baldintzetan oztopo eta kontrol gehiago ezarri ziren eta PSOEk ildo berari heldu dio. Berriki, Europar Batasunari eskaera bidali dio Espainian produktu homeopatikoak merkatutik ateratzeko. Europari esana dio baita ere gizartean zabaldutako ustea besterik ez dela homeopatia, fruiturik ematen ez duela frogatuta dagoena, negozio hutsa.

Europar Batasunaren aginduei jarraiki, baina, produktu homeopatikoak medikamentu gisa erregistratuko ditu Espainiako Gobernuak. 2.008 produktu izango dira zehazki merkatuan aurkitu ahal izango ditugunak, lizentzia lortuz gero. Horietatik 12k eskatu dute ez luketela denen eskura egon behar, hots, medikuaren errezetarekin baino ezingo lirateke lortu.