argia.eus
INPRIMATU
4.000 metro koadroko aquaparka eraiki nahi dute Iurretan
  • Proiektuaren sustatzaileak egitasmoa gauzatzeko aurreproiektua aurkeztu du Iurretako udaletxean. Bost igerileku, txirristak eta olatu artifizial bat egongo lirateke Ibarretxe kultur etxearen alboan zabaldu gura duten aquaparkean. Ez litzateke iraunkorra izango, uda sasoirako bakarrik baizik.

Anboto @anboto 2018ko martxoaren 16a
Ibarretxe kultur etxearen alboan, 4.000 metro koadro hartuko lituzke ur parkeak Egilea: Anboto

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, egitasmoa gauzatzeko bete behar diren baldintzak zeintzuk diren argitu zaie proiektuaren sustatzaileei. Hartara, baldintza horiek jasotzen dituen proiektua aurkeztea litzateke hurrengo pausoa. Horrekin aquapark-a zabaltzeko baimena eman edo ez erabakiko luke Iurretako Udalak. Proiektua udako hileetarako izango litzateke soilik; gainera, etorkizunean etxebizitzak eraikiko dira lursail horretan.

Ibarretxe kultur etxearen alboan proposatu dute ur parkea egitea, eta 4.000 metro koadro inguru hartuko lituzke. Hori azaldu du Totorikaguenak. Laupabost igerileku, txirristak eta olatu artifizial bat egongo lirateke, besteak beste, aquapark horretan. Iurretako alkatearen berbetan “proiektu polita” da ur parkearena. Gaineratu duenez, “herriarentzat ona izan liteke eta beharrezko baldintzak betetzen badira ez dugu aurrera egiteko eragozpenik ikusten”. Oraingoz, aurreproiektu bat, “asmoen agiri bat”  da udalean aurkeztutakoa. “Baina, azkenean gauzatzen baldin bada, ederto legoke”, Totorikaguenak nabarmendu duenez.

Aquapark-a eraikitzeko proiektua aurkeztu ondoren, eta udalak baimena ematea erabakiz gero, zehaztuko lirateke epeak. Pentsa daiteke uda sasoia aurretik zabaldu gurako dutela aquapark-a egitasmoaren sustatzaileek.

Albiste hau Anbotok argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.