Elikadura hiztegiak bi osagai ditu, batetik, glosario hutsa eta bestetik hiztegi entziklopedikoa. Biak sarean daude erabiltzeko moduan.
Hiztegiak 4.000 hitz ditu eta euskal hitza, sinonimoak, biziduna bada izen zientifikoa, eta gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko baliokideak ditu. Hiztegi entziklopedikoak berriz, hitzaren etimologia, jatorria, azalpena, kontzeptuaren bilakaera historikoa, balio gastronomikoa, nutrizionala, Euskal Herriarekin daukan lotura, eta abar biltzen ditu. Edorta Agirrek ez du bukatutzat eman proiektua eta zuzentzen eta osatzen jarraitzen du.
Gai asko jorratzen dira hiztegiotan, hala nola, sukaldaritza, elikaduraren antropologia, soziologia, gastronomia eta nutrizioa. Mota askotako erabiltzaileak izan ditzake: ikasle eta irakasleak, kazetariak, ostalaritzan ari direnak eta lehen sektoreko ardura lanetan dihardutenak, besteak beste.