Auto elektrikorako bidean egokitu beharra duela iragarri du multinazional alemanaren Nafarroako lantegiak, eta horren ondorioz, datozen bi urteetan 400 lanpostu murriztuko dituela jakinarazi die langileei.
Aspalditik datorren kontua da, baina hasi da zehazten apurka: 2024aren erditik eta 2025 artean bi txanda eta erditan egingo dute lan Iruñeko Volkswageneko lantegian, asteazkenean zuzendaritzak langile batzordeari jakinarazi dionez.
Bileran azaldu dietenez, datorren martxoan jada ez du Polo markako autorik egingo, hura lau hamarkadatan bertako produktu izarra izan ondoren. Orain egiten den Taigo markakoa ere ez da egingo 2026tik aurrera, eta konbustioko motorretan T-Cross marka bakarrik mantenduko dute.
2024an 255.000 auto ekoitziko duela iragarri du zuzendaritzak, 2025ean 215.000 eta 2026an 200.000 bat mila. Azken urte horretarako bi auto elektriko fabrikatuko dira Landabenen: Skodako SUV elektrikoa eta Volkswageneko ID2X izenekoa.
Egoera horiek behin-behinekoak lirateke zuzendaritzaren arabera, 2027 eta 2028rako urtero 350.000 auto ekoiztea aurreikusten baitute, eta orduan, berriz ere egungo lanpostu kopurura iristea espero dute.
Ekoizpenaren gainbehera
Azken urteetako salmenta joera ikusita, baina, pentsa liteke oso gaitza izango dela kopuru horiek egiazkoak izatea. Azken hamarkadako bi data aipatzeagatik, 2016an 296.000 auto ekoitzi ziren Iruñeko Landabeneko poligonoan eta 2022an 288.000. Areago, 40 urteko salmenta errekorra 2011koa da 353.353 autorekin.
Datu horiei erreparatuta, beraz, nekez pentsa daiteke ondorengo urteetan produkzio ahalmen hori eta iragarritako enplegu maila berreskura daitezkeenik. Batetik, automozio sektoreak onartuta du askoz auto elektriko gutxiago ekoitziko duela. Bestetik, auto elektrikoa fabrikatzeko errekuntza motorrak egiteko baino langile gutxiago behar dira; bateria da kotxe elektrikoaren pieza garrantzitsuena eta dagoeneko iragarrita dago ez dela Landabenen egingo.
Azkenik, beste faktore garrantzitsu bat aipatzeagatik, Txinako auto elektrikoa indar handiz sartu da Europako merkatuetara: adituen arabera, kalitatez europarra bezain ona izanik 8.000-10.000 euro merkeago saltzen da.