argia.eus
INPRIMATU
400 bat migratzaile hilda Libiatik Italiarako bidean
  • Libiatik abiatutako itsasontzi bateko 400 bat pertsona desagertuta daude apirilaren 13tik. Italiako itsas segurtasun eta sorosle taldeak hauen bila badabiltza ere, gehienak hiltzat jotzen dituzte.

ARGIA @argia 2015eko apirilaren 15
Iragan abenduan erreskatatutako migratzaileak ikusi daitezke Italiako Itsas Armadaren argazkian. Iragan abenduan erreskatatutako migratzaileak ikusi daitezke Italiako Itsas Armadaren argazkian.

Itsasontzia Siziliatik gertu zela hondoratu zen eta dagoeneko 150 bat pertsona bizirik eraman dituzte Italiara. Haien testigantzekin osatu da gertatutakoaren informazioa eta, horren arabera, ondorioztatu da hildakoen artean gazte eta haur ugari zegoela, horietako asko Libian bakarrik itsasoratutakoak.

Egoera oso gogorra bizitzen ari da Libia eta horren ondorioz ohi baino pertsona gehiago itsasoratzen da Italiara iristeko asmotan. Save the Children GKEak jakinarazi duenez, Mediterraneoa zeharkatzeko ahaleginak ugaritu egin dira azken egunetako eguraldi onaren ondorioz eta apirilaren 11a eta 13a artean 5.100 pertsona iritsi zen Italiako lurretara, horien artean 450en bat adin txikikoak.

2013ko urrian ere 200 pertsona iritsi ziren hilik Italiako Lanpedusako irlara itsasontzi bat urperatu ondoren, beste 150 desagertu ziren eta beste 150 bizirik erreskatatu zituzten. Itsasontzi bakarrean izan zenez, ordura arteko migratzaileen istripu larrienetakotzat jo zen hura, baina milaka pertsona hiltzen dira urtean Mediterraneoko zeharkaldietan. Aurtengo otsailean hasieran, esate baterako, bizpahiru egunetan beste 300 bat pertsona hil ziren Siziliako Kanalean, denboraleak eramaten zituzten lau itsasontziak hondoratu eta gero.