argia.eus
INPRIMATU
40 urte eta gero, hau: Euskal Telebistatik, Erdal Telebistara!

Plazara gatoz! ekimena 2022ko uztailaren 26a

Euskal Telebista 1982an eratu zen, Gernikako Estatutuaren itzalean. Hiru eginkizun bete behar zituela jaso zen sorrerako legean: herritarrei informaziorako eta parte-hartze politikorako baliabide bat eskaintzea; bertoko hezkuntza-sistemarekin lankidetzan jardutea, eta euskara eta euskal kultura sustatzea eta zabaltzea. Artean Carlos Garaikoetxea zen lehendakaria.

40 urte geroago, orduko asmoak lausotu ez eze, itzulikatu ere egin dira, zoritxarrez. Hezkuntza sistema erdi-propioarekiko lankidetza ez da inondik ageri, eta euskara sustatu ordez, gaztelera sustatzeko ahalegin betean dihardu EITBk. Erdarazko kateetan jartzen dute indarra zuzendaritzak (eta Jaurlaritzak), euskarazko kateak bigarren mailan edo zuzenean bazterrera utzita.

Hondamendia agerikoagoa da ETB1en. Urte luzeak dira ez duela ikusleen % 2ko langa atzean uzten, eta batez besteko hori saio oso jakinei esker lortzen du, gainera. Saio duin bakanen ondoan, betegarria eta errepikapenen errepikak dira nagusi, saio iraingarriak ez direnean (Mariachiak, bilbainadak eta abar espainolez, besteak beste), maila eta modalitate guztietako pilota, laugarren mailako futbola… Edonor “erakartzeko” moduko programazioa alegia. Lerrook idatzi bitartean,Sanferminetako su artifizialak, eta Sabor navarro, espainolezko jota saioa eskaini digute EITBko arduradunek.

"'El conquis' behin eta berriz sustatzen da euskarazko kateetan (Gaztea-irratian tarte finkoa dauka), ikus-entzule euskaldunak ETB2 kontsumitzera bultzatuz"

Erdal kateak euskal kateekiko lehiakide desleial bihurtu ditu EITBk. ETB2ren ikusleria % 9 ingurukoa da eta bere programazio osoa gaztelera hutsezkoa. Josu Amezaga irakaslearen esanetan, ETB2 ikusten dutenen %72 (14 urtez beherakoak kontuan hartu gabe) edota El conquis saioaren ikusleen %80 euskara ulertzeko gai izan arren. El conquis behin eta berriz sustatzen da euskarazko kateetan (Gaztea-irratian tarte finkoa dauka), ikus-entzule euskaldunak ETB2 kontsumitzera bultzatuz, erdarazko telebista areago indartu eta euskarazkoa bazterrera utzita. Ez da istripu bat, EAJ-PSE gobernuaren hizkuntz politikaren isla baizik.

EITBk euskaldunak gutxiesten ditu.. ETB1 eta ETB2ko programazioak alderatuz gero (irratienak ere bai), argi ikusten da EITBk erdaldunak lehenesten dituela, horrek dakartzan ondorio guztiekin: erdaraz elikatzen gara, euskaraz elikatu ordez; gutxietsiak gara hiztun komunitate eta herri gisa, kalitatea eta gozamena erdararekin baina arrunkeria eta txokokeria euskararekin lotu arazten digute agintariek... Normalizazioa bainoago, euskararen ordezkapena da EITBk sustatzen duena, gaur gaurkoz.

Bingen Zupiria da Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua. Publikoki adierazi izan du bera ez dela “EITBren arduraduna”, ez dakiela EITBko zuzendari orokorrak “euskaraz maila nahikoa ba ote duen”, edota EITB ez zela sortu “euskararen normalizazioa sustatzeko”. Andoni Aldekoak, EITBko Zuzendari Orokorrak, ez du euskara menperatzen. Bururatzen zaio inori RTVEk, A3-ek, Tele5-k… gaztelera menperatzen ez duen Zuzendari Orokor bat izatea?

Unai Iparragirrek, ETBko zuzendariak, honakoak adierazi zituen ardura hartu berritan: “Ikusle datu aldetik ETB1 (%2) eta ETB2 (%9) nahiko ongi daude”, edota “Gustatuko litzaidake, hizkuntza zein den ere, ETB, euskarazko, gaztelerazko eta ingelesezko ekoizpenik onenen konbinazioa bilakatzea”. Hirukote horren esku dago egun EITBren etorkizuna neurri handi batean, EAJren erabakiz.

Euskal Herriko ikusleriaren %98 inguruk erdaraz ikusi ohi du telebista. Egunean hiru ordu eta erdiz batez beste. Ikaratzekoa da. Bestalde, ezin ditugu aipatu gabe utzi plataformen eta mugikor bidezko bestelako edukien kontsumoaren datu beldurgarriak: euskarak ia ez du presentziarik gazteen artean arrakasta gehien duten hedabide horietan, baina oraindik ere, Eusko Jaurlaritzak ez du ekimenik abiarazi, adin guztietan aisialdi-denboraren tarte gero eta handiagoa hartzen duten eremu horietan. Pantailak eta uhinak euskaraz behar ditugu, askotarikoak eta kalitatezkoak, arlo digitala eta bestelakoak ahaztu barik.

Normalizaziorako ardatz baino gehiago, egiturazko arazo bihurtu da EITB euskararentzat. Eragile euskaltzale eta abertzaleek ez dute ezer esateko?

Oso bestelako hizkuntz politika bati ekin beharra dago. Euskaldunok aintzat hartuko gaituzten agintariak eta arduradunak behar ditugu, premiaz.