1982ko azaroaren 23an Euskadi Irratiak lehen hitzei eman zien oihartzuna, eta ordutik, 24 orduz martxan egon da euskarazko informazio jarioa. EITB taldearen barruan lehena, euskarazko telebista katearekin batera. Gerora sortu zituzten gaztelaniazkoak.
Asteazkenean 40 urte dira Euskadi Irratiak lehen emankizuna egin zuenetik. 1982ko azaroaren 23 hartan eguerdiko 12:00etan piztu zen lehen aldiz emisioaren argi gorria: "Euskadi Irratia, Eusko Jaurlaritzak euskal hedabideen alorrean eman duen pauso garrantzitsua. Euskararen eta Euskal Herriaren alde", Julian Belokiren hitz horiek izan ziren lehenak. Aurrekariak ahaztu gabe, bide oparoa markatu dute urtez urte Euskadi Irratia martxan mantendu dutenek.
Hasiera hartan, 30 lankide ziren. Kazetariak zein filologoak: “Gure kezka zen euskaraz ondo egitea; irratia egiten ikasiko genuen gero”, aitortu dio lehen zuzendari izan zen Joxe Mari Oterminek Eitb-ri. Otermin Herri Irratitik zetorren, eta harekin batera batu ziren irrati katolikoan lanean zebiltzan kazetari gehiago. Herri Irratia frankismo garaian sortu zen, eta saio batzuk euskaraz egiten zituen bere erlijiozko izaerari esker.
Eusko Legebiltzarrak 1982ko maiatzaren 20an onartu zuen Euskal Irrati Telebista Sortzeko Legea. Euskadi Irratia oraindik enpresa sortu gabe zela hasi zen jardunean, eta handik gutxira, 1982ko abenduaren 31n euskal telebista estreinatu zen.
Gerora sortu ziren gaztelaniazko kateak: EITB 2, eta Radio Euskadi eta Radio Vitoria irratian. Geroago sortu ziren Euskadi Gaztea, euskaraz, eta Eitb Musika, bi hizkuntzak tartekatuz.
Euskadi Irratiak hiru egoitza izan ditu, Donostian hirurak: Andia Kalean lehena, Kontxari begira; Amarako Larramendi Kalean hurrena; eta Miramonera salto egin zutenetik han mantendu da.
Urteurrenean, irratia kalera
40. urteurrenean lana kalera eraman dute Euskadi Irratian. Goizeko 07:00etatik 10:00etara Faktoria albistegia Gasteizko Azoka Plazan egin du Iñaki Guridik. Egungo eta garai bateko langileak elkartu dituzte solaserako: Irati Barrena eta Jon Aizpurua; Julen San Martin eta Joxelu Aranburu; eta Julian Beloki eta Ane Zuazubiskar. Hari jarraipena eman dio Maider Segurolak gidatutako magazinak, Iruñeko Geltoki aretoan, 10:00etatik 13:00etara.
Arratsaldean, berriz, Bilboko Azkuna zentrora mugitu da Baipasako lantaldea, Olaia Urtiagaren gidaritzapean. Faktoria saioan Bingen Amadoz Euskadi Irratian urte luzez aritutako kazetaria, Iosu Ganuza Euskalerria Irratiko esataria eta Bakarne Atxukarro kazetari eta idazlea izan dituzte gonbidatu gisa.