argia.eus
INPRIMATU
40 ordu zeramatzan jarraian lanean Bilboko portuan joan den igandean hildako langileak
  • Bilboko portuko Ibaizabal 8 atoiontziko makinen burua hilda aurkitu zuten bere lanpostuan joan den igandean. 40 ordu zeramatzan jarraian lanean.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 10
Ibaizabal enpresako atoiontzietako bat.

LAB sindikatuak salatu duenez, “lan istripu hilgarri ez traumatikoa” da gertatu dena. Gogora ekarri dute lehenago ere salatu izan dutela beharginak lan egiten zuen enpresak (Remolcadores Ibaizabal) ezarritako lan-sistema: lehen 24 orduko guardiak egiten zituzten eta 72 orduz hartzen zuten atseden; gaur egun, 48 orduko guardiak egin behar izaten dituzte ondoren lau egunez atseden hartzeko. Aldaketaren ondorioz, langileek urtean 624 ordu gehiago sartu behar dituzte.

Ordutegi-aldaketa horrek lan karga handiak ezartzen dizkie beharginei. Hil den makinen buruaren kasuan, joan den larunbateko goizeko 9etan hasi zen lanean eta astelehenean bukatu behar zuen txanda.

“Normalean egunez, beste itsasontzi batzuk atoiontziarekin laguntzeko maniobrarik ez badago, mantenu lanak egiten dituzte goizeko 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Badakigu apirilaren 6tik 7rako gauean Ibaizabal 8 atoiontziak maniobra bat hasi zuela, gaueko 9etan hasi zena eta 11ak inguruan amaitu zena. Ondoren, atsedenik gabe egin zuen lan apirilaren 7ko 03:15etik 10:03ra”, LABek azaldu duenez.

Pasaiako portuan ere enpresa berak kudeatzen ditu atoiontziak eta sindikatuaren arabera enpresa-itun berria negoziatzen ari dira. “Eta nola ez, lanaldia luzatu nahi du enpresak”, sindikatuak argitaratutako oharrean irakurtzen denez. “Alejandro Aznar armadorea bezalako enpresariak, Patxi Garaigordobil enpresa honetako zuzendariak eta Javier Zapatero giza-baliabideetako zuzendariak ezin dute esan ez zutela ezagutzen atsedenik gabeko lanak duen arriskua”.