argia.eus
INPRIMATU
40 hildakotik gora izan dira Tripoliko migratzaileen zentro baten aurkako bonbardaketan
  • Ustez Khalifa Haftar Libiako Armada Nazionalaren buruzagiak bideratutako eraso batean 40 hildakotik gora izan dira. 2019ko apirilean hasi zen Tripoliko Gudua, herrialdean nagusi diren bi taldeen artean: NBEk babesturiko Akordio Nazionaleko Gobernuaren eta Khalifa Haftarren armadaren artean.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 03a
Bonbardaketaren osteko irudiak.

Tripoliko Gudua hasi zenetik, 650 hildakotik gora izan dira Libiako hiriburuan, eta GKEek zifra hori azkar handitu daitekeela adierazi dute tentsioak igotzen jarraitzen badu. Khalifa Haftarrek astelehenean aurreratu zuen Tripoliren aurkako erasoak egiten hasiko zela, eta astearte gauean eman da lehenengo bonbardaketa.

Tripoli Akordio Nazionaleko Gobernuaren eskuetan dago gaur egun, baina hiriburua eta mendebaldeko herri batzuk kenduta, herrialdearen gehiengoa Khalifa Haftarren eskuetan dago. Nahiz eta gerran dagoen herrialdea izan, migratzaile asko doaz Libiara Europara joateko. Hori dela eta, 800.000 migratzaile eta errefuxiatu daude herrialde afrikarrean, gerrak eta salbuespen egoerak oztopatuta. Testuinguruaren larritasuna dela eta, bizi baldintza tamalgarrietan bizirauten ari dira migratzaileak, Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak salatu duenez.

2018ko abenduan Ghassan Salame NBEren ezohiko ordezkariak eginiko txosten batean, 1.300 elkarrizketa baina gehiagotan oinarrituta, Libian dauden emakume migratzaileen “gehiengo nabarmen” batek bortxaketak edo abusuak pairatu dituela salatu zuen.

Libia, porrot egindako estatua

2011an NATOren interbentzio militarraren eta Muammar al Kadafiren hilketaren ostean, botere-hutsune handia geratu zen Libian. Al Kadafik dolarra erreferentziazko moneta gisa ez izatea erabaki zuenetik mendebaldeko potentzien etsai bihurtu zen, eta hortik gutxira berarekin amaitu zuten.

Gaur egun, bi alde nagusiren arteko gerran dago murgilduta Libia, zortzi urteko giro ezegonkorraren ostean. NATOn bildutako mendebaldeko potentzien interbentzio armatuak ez du balio izan hitz eman zuten egonkortasuna ekartzeko. Egoera ezegonkor hau, baina, arma, pertsona eta erregaien trafikoan ibiltzen diren pertsonentzat eszenatoki egokia da negozioa egiteko.