Apirilaren 1etik 8ra egingo da 19. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta Ukraina, memoria historikoa eta babes-eskubidea izango dira gai nagusietako batzuk. Aurten, 24 nazionalitateko 40 film (24 film luze eta 16 labur) proiektatuko dira, Viktoria Eugenia Antzokian gehienak. Bestetik, bi emanaldi izango dira Antzoki Zaharrean, bi pelikula Tabakaleran, eta baita ohiko kolaborazioa Kresala Zineklubarekin ere. Apirilaren 8an ospatuko den galan sari berezia jasoko du EFA Abidin Kaid Saleh – Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezkoen Prestakuntza Eskolak.
Gaur goizean egin dute aurkezpena, eta bertan izan dira Eneko Goia alkatea; Ion Gambra, Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetako zuzendari nagusia; Javier Galparsoro, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko lehendakaria; Ainhoa Type, Amnesty International Euskadiko ordezkaria eta Josemi Beltran, Donostia Kulturako zinema programazioko arduraduna.
Beltranek jakinarazi duenez, aurtengo Sail Ofizialean hemezortzi film luzek hartuko dute parte. Munduko bazter guztietatik datozen filmak dira, askotariko gaiei heltzen dietenak: Ali & Ava (interkulturalismoa), Among us women (Afrikan erditzea), Behind the headlines (kontrol-kazetaritza), The breadwinner (Afganistan), Casablanca beats (Maroko eta gazteen rap protesta), Debout les femmes! (emakume zaintzaileen lan-sektorearen zaurgarritasuna), El hombre que vendió su piel (Errefuxiatuak Europa), Fadia’s tree (Palestinako ekuazioa), In search of monsters (Guantanamoko espetxea), Les insulaires (gentrifikazioa), Lingui, les liens sacrés (Ugalketa-osasuna eta abortua), Mali twist (Mali eta Frantziarekiko bere independentzia), Matrioskas. Las niñas de la guerra (Erbestea eta erresilientzia), Matxitxako. Apuntes sobre la marina de guerra auxiliar de Euzkadi (Matxitxakoko gudua), Norte salvaje (Iparraldeko mugak), Nuestra libertad (Abortuaren kriminalizazioa), Trenches (Ukraina-Errusia gatazkaren sustraiak) eta Vaca (Bioetika).
Tabakaleran Arantza Santestebanen 918 gau filma proiektatuko da apirilaren 3an, 17:00etan, eta hurrengo egunean, Sergei Loznitsaren Babi Yar. Context pelikula, 19:00etan. Kresala Zineklubak (Trueba zinema-aretoak) aldiz, Jonas Poher Rasmussen-en Flee pelikula hartuko du martxoaren 29an, 19:30ean.
Urtero bezala, hiru film labur eskainiko dira Donostiako ikastetxeetako ikasleentzat. Aurten, bi pelikula (Zutik! eta Tximinoen izarra) ikusi ahal izango dituzte online ikastetxean bertan; hirugarrena, Maixabel, Viktoria Eugenia Antzokian proiektatuko da eta bertan izango da Maixabel Lasa bera ere. Gainera, sei erakusketa eskaintzen dira zinemaldiaren programazioan, eta apirilaren 2an, Viktoria Eugenia Antzokian, Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen laugarren azoka egingo da.
Sarrerak gaur jarri dira salgai (5 euro) Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, eta internet bidez. Ikusi hemen 19. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiari buruzko informazio guztia.