argia.eus
INPRIMATU
40 eraso LGTBIfobo erregistratu dira 2016an Hego Euskal Herrian
  • LGTBIfobiaren aurkako eguna da ostegunean, eta ospatzeko baino aldarrikatzeko eguna izango dela erakutsi dute datuek: eraso LGTBIfoboak ugaritu egin dira.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko maiatzaren 17a
Gasteizen sexualitate anitzen alde egindako manifestazioa (Arg: Gasteiz Hoy)

OME Osasunaren Mundu Erakundeak 1990eko maiatzaren 17an kendu zuen homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik, eta ordutik LGTBIfobiaren aurkako eguna ospatzen da. Honen harira, agerraldia egin da asteazkenean Gipuzkoako Foru Aldundian, Gorroto Delituei Begirada Orokorra proiektua (OSGI) aurkezteko. Lesbiana, gay eta transexualei arreta ematen dien Aldarte zentroak garatu du ikerketa, eta orientazio sexuala eta genero identitatearekin lotutako gorroto delituak azaleratu ditu.

Cristina Ruedak hartu du hitza Aldarteren izenean. Esan du 2016an sexualitatearekin lotutako gorroto delituen 30 salaketa jaso zituela Ertzaintzak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Horietatik 21 Bizkaian izan ziren. Nafarroan, aldiz, hamar izan ziren, beraz, 40 salaketa Hego Euskal Herrian. Hala ere, Ruedak nabarmendu du eraso gehienak ez direla salatzen.

Les Bascos elkartearen txosten baten arabera, Ipar Euskal Herrian ere erasoak gora egiten ari dira, eta nabarmendu dute adingabeek egoera bereziki arriskutsua bizi dutela, besteak beste, Interneten.

Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat izenpetu du, aldarrikapenari babes osoa emanez. Uxue Barkosen gobernuak lehen aldiz bat egin du LGTBIfobiaren aurkako eguneko aldarrikapenarekin.

Gasteizen 15 eraso

Gasteizko Transbollomarika Sareak sexualitateari lotutako 15 gorroto delitu erregistratu ditu 2017an, Hala Bedik jaso duenez.

Lumagorri HAT heterosexismoaren aurkako taldeak informe bat landu du kasu guztiekin, Gasteizen arlo honetan egin den lehenengoa. Dokumentuak dioenez, 15 kasu hauek “agerian uzten dute sexualitatearen eta genero identitatearen aurkako gorroto delituen Tokiko Behatoki baten beharra”.

Informeak nabarmendu du norma heterosexuala betetzen ez duten pertsonen aurkako erasoak zailak direla antzemateko; izan ere, gorroto moldeak asko eta anitzak dira, eta normalean “larrienak bakarrik egiten dira publiko”: erailketak, eraso fisikoak edo gorroto adierazpen publikoak.

15 erasoak horrela banandu ditu Lumagorrik: bi irainengatik, zortzi diskriminazio zuzenagatik, bi jazarpenagatik, bi intragenero diskriminazioagatik eta beste bat diskriminazio anizkunagatik.

Horietatik guztietatik, %57 espazio publikoan gauzatu ziren eta %44,8 hezkuntzaren arloan. Bestalde, azpimarragarria da erasoen erdia baino gehiago (%53,3) osasunaren arloan gauzatu zirela, eta lan arloan, aldiz, %28. Orobat, erasoen %43 kulturaren munduan jazo ziren, eta %28 kirolean.

Hala Bedik eraso bakoitzaren deskribapen fitxa argitaratu du lotura honetan.

Gehituren deialdia

“Ez dugu ahaztu behar LGBTIfobia gehien hedatuta dagoen gorroto-moduetako bat dela eta 70 herrialde baino gehiagotako zigor-kodeetan instituzionalizatuta dagoela eta zigor-kode horietan genero-orientazio, -identitate eta -adierazpen desberdinen arau errepresoreak biltzen direla. Hori guztia, ahaztu gabe herrialdeek gaur egun ere aurreikusten dutela LGTBI kolektiboari heriotza-zigorra aplikatzeko aukera, baita kolektibo horrek herrialde askotan aurre egin behar dien gorroto-krimen kontaezinak ere”, adierazi du prentsa-ohar bidez Gehitu gay, lesbiana eta transexualen elkarteak.

Eremu nazionalean ere jarri du begirada gehituk: “Ezin dugu aipatu gabe utzi gure inguruan oraindik ere badaudela jatorrian sexu-aniztasunaren eta genero-aniztasunaren aurkako gorrotoa eta intolerantzia duten delituak”.

Horregatik guztiagatik, Gehitu elkarteak deialdi bat egin du maiatzaren 17an LGTBI+ kolektiboari eragiten dioten arazoak agerian jartzeko, eta  “LGTBIfobiaren aurkako borrokan modu eraginkorrean laguntzen duten ekimen guztiak –lege-arlokoak nahiz pedagogia sozialeko eremukoak– antola daitezela” eskatu dute.