argia.eus
INPRIMATU
40. edizioa izango du Lekeitioko Euskal Zine Bilerak: urriaren 14tik 21era
  • Urriaren 14tik 21era izango da aurtengo Euskal Zine Bilera, Lekeition. 40. edizioa izango da, eta orain arte bezala, euskarazko filmak izango dira protagonista. Helburua euskarazko lan amateurrak saritzea, eta hauei bidea egiten laguntzea dela esan dute antolatzaileek, baita film profesionalen bilgune izatea ere.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko urriaren 05
40. edizioko kartela(Argazkia: Lekeitioko Zine Bilera)

47 lan aurkeztu dira aurten jaialdira. Ikusgai, 31 izango dira: 23 amateur mailan eta zortzi profesionalean. Lanen artean, Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia, Ainara Menoyoren Maitia nun zira, eta, Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen Euritan izango dira, besteak beste. Horren gain, mahai- inguruak, bazkariak, haurren txokoa eta hainbat ekintza egingo dituzte.

Zuzendari, gidoi eta film onenaren sariak banatuko dituzte. Lehen biek 1.600 euro eta Urrezko Antzara jasoko dituzte profesionalen arloan. 1.000 euroko saria izango da amateurrentzat, urrezko antzara barne. Sari preziatuena film onenarena izango da: 1.900 euro eta 1.300 euro eskuratuko ditu profesionalaren eta amateurraren irabazleak, hurrenez-hurren.

Irekiera ekitaldian Juanba Berasategi omenduko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.