Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.
Badator Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, Baltsan elkarte ziburutarrak eta ARGIAk elkarlanean antolaturiko hitzordua. Ekainaren 1ean iraganen da bosgarren edizioa eta dagoeneko beterik dute Ziburuko plazan kokaturiko karpa: 40 argitaletxek eta diskoetxek eman dute parte hartzeko izena. Liburu aurkezpenak, kontzertu laburrak, zein bestelako ekimen kulturalak, egun osoko egitaraua osatzen dabiltza antolatzaileak. Hastapeneko helburuari fideltasuna erakutsiz, "euskara hutsez, atseginez plaza betetzeko" xedez.
Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats eta datorren edizioan ere doi bat handiagoa izanen da eskaintza literarioa eta musikala. Hamasei argitaletxerekin eta diskoetxerekin hasi eta 40 dira aurten.
Berritasunak ere dakartza aurtengo edizioak. Hain zuzen, aitzineko lau asteetan zehar, literatura eta oro har sorkuntza bihotzean daukaten hitzordu kulturalak eskainiko dituzte ondoko herrietan. Zehazki, Azkainen, Donibane Lohizunen, Urruñan eta Ziburun izanen dira hitzorduak. Eskaintza kulturala aberasteaz gain, inguruko elkarteekin saretzeko asmoz osatu dute Azokaldia.
Ziburuko azokaren giroa dakar iazkoari tiraka Gorka Peñagarikanok idatzi zuen Lagun zaharrekin elkartzen naiz bertan... kronikak.