argia.eus
INPRIMATU
39 dira jada nazionalista hinduek hildako musulmanak Indian
  • Joan den igandetik, otsailaren 23a, Delhiko kaleetan iskanbilek ez dute etenik. Komunitate musulmana baztertzen duen lege berri baten aurkako protestei nazionalista hinduak oldartu zaizkie, eta musulmanak bizi diren auzoetan biolentzia piztu da.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 28a
Polizia Delhiko istiluetan.

Meskitak eta musulmanen etxe eta lantokiak erre dituzte hinduek eta 39ra igo da hildakoen kopuruam, tartean polizia bat.

"Eraginkortasun ezagatik" kritikak jaso dituen Delhiko Poliziak indarkeriarekin zerikusia duten bideoak grabatzeko eskatu die herritarrei, frogak eskuratzeko.

Gobernua jo-puntuan

Istiluekiko kritikoa zen epaile bat kargugabetu du gobernuak. Justice S Muralidhar epaileak gogor kondenatu ditu gobernua eta Polizia beren ekintzengatik. Gobernuaren erantzukizuna dela ondorioztatu du, eta ez dela bere eginbeharrak betetzen ari. Epaia kaleratu den egunean bertan kargugabetu dute epailea.

Erabaki honek haserrea sortu du musulmanen artean, gobernua gutxiengo musulmana zigortzen ari delakoan.

India laikotik nazionalistara

72 urteko agintaldi laikoen ostean, hindu nazionalista bat heldu zen gobernura Indian 2014an. Gaur egungo lehen ministro Narendra Modik aginte makila eskuratu eta bi hilabete eskasera lehenengoko neurri "islamofoboak" ezartzeari ekin zion.  Katxemirako estatuari autonomia kendu zion, gehiengo musulmana duen lurralde bakarra Indian. Gatazkak eragin zituen neurriak, India hinduista bat sortzeko erabaki bezala ulertu baitzuen askok.

Orain herrialdeko hiriburuan dauden istiluen aurrean, hiru eguneko isiltasuna eskaini du lehen ministroak. Horren ostean, Twitter bidez "bakea eta anaitasuna" eskatu dizkie indiarrei.