argia.eus
INPRIMATU
3.800 euro jaso dituzte Tubacexeko langileek Cadizen greban dauden beharginentzat
  • Astearte gauean joan da Tubacexeko langileen talde bat Cadizera eta hango erresistentzia kutxan egingo dute ekarpena.

Aiaraldea @aiaraldea Aitor Aspuru Saez 2021eko azaroaren 24a
Argazkia: Aiaraldea.eus

Tubacex enpresako ia 200 langilek ekarpen ekonomikoa egin dute Cadizen greban dauden beharginei elkartasuna adierazteko. Horrela, 3.800 euro batu dituzte metalaren sektoreko protestak babesteko. 

Asteburuan hasi ziren Aiaraldeko fabriketako langileak egitasmoa zabaltzen euren artean, eta astearte gauean joan dira Andaluziako hirira. Euren asmoa asteazkena eta osteguna Cadizen egotea eta protestetak babestea da.

236 greba egun Aiaraldean, 8 jadanik Cadizen

Tubacexeko langileek 236 egun bete zituzten greban kaleratzeen eta prekarizazioaren kontra eta bide horretan hainbat tokitako behargin zein ekintzaileren elkartasuna jaso zuten. Greba amaitzean nabarmendu zuten jasotako laguntza guztia ez zutela ahaztuko, Erresistentzia Kutxako kideek bereziki.

Cadizeko metalaren sektorean dauden beharginek (enpresa txikietakoek, bereziki) duela zortzi egun abiatu zuten lanuzte mugagabea. Protestek eragina izan dute hiriko hainbat puntutan eta istiluak poliziarekin arruntak bilakatu dira. Esaterako, asteartean egindako manifestazioan estatuko segurtasun indarrek pilotak eta gas-poteak baliatu dituzte.

Zehazki, grebalariak lan hitzamen duina aldarrikatzen ari dira. Aintzat hartuta Kontsumo Prezioen Indizea izugarri igo dela aurten, soldata igotzea eskatu dute. Horrez gain, beharginen erakundeek salatu dute prekarietatea oso handia dela Cadizeko lantegi eta tailerretan eta lan hitzarmenak ez direla betetzen. Alegia, indarrean dauden protestak inflexio-puntua dira sindikatuentzat.

Izan ere, Cadizeko probintzian, esaterako, langabezia tasa %27an dago eta egiten diren kontratuen %94 behin behinekoak dira. Metalaren industriak 20.000 lanpostu baino gehiago mantentzen ditu lurralde horretan eta, Aiaraldean bezala, enpresa handien itxiera izan da joera historikoa 1980ko hamarkadatik hona. Duela 30 urte ontziolako enpresa ezagunenak desagertu ziren eta XXI. mendean autoetara lotuta zeudenak desagertzen joan dira.