argia.eus
INPRIMATU
38 urte eta gero, Hazparneko Eihartzea kultur elkarteak ateak itxiko ditu
  • Hazparnen eta inguruetan urte luzez erreferentzietako bat izan den Eihartzea kultur elkartea,Zinegin Festibala, Txoria Txori, Francis Jammes antzerki festibala eta beste hainbat ekimenen antolatzailea, bere bidea etetera doa, arduradunek jakinarazi dutenez. Baina 38 urteko ibilbidearen amaiera goxoki ospatzeko, azaroaren 1erako –arimen eguna– antolatu dute lagun arteko despedidako hitzordua.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 23a
Eihartzea elkarteko arduradunak bilkura batean 2019an. (Argazkia: Philippe Hugron)

Kazeta.eus hedabideak zabaldu du albistea, bere ibilbidea amaitutzat ematera doala Hazparneko Eihartzea elkartea. Duela 38 urte sortua, geroztik hainbat ekitaldi sortu eta antolatu ditu hala nola, Zinegin Festibala, Txoria Txori, Francis Jammes antzerki festibala, aste kulturala, Elizaberriko Musikaldia, Arteguna... Eihartzeako arduradunek banatu duten oharrean diote: “Pandemia garai ilun honetan, Eihartzea elkarteak, hainbat hilabetez erreanimazio ohean borrokatu ondotik, bere azken hatsa bota du”.

Azken urteetan laguntzaile kopurua ttipituz joan zaiela eta, elkarteak bere jarduerak murriztuta zeuzkan eta baita antolatutako ekitaldien kopurua ere, ahaleginduz bermatzen Zinegin festibala, Ihauteriak eta Olentzero segurtatzea. “Pentsatzen ginuen menturaz laguntzaile gehiago hurbilduko zirela, baina ez da hala izan”, aitortu dute Eihartzearen arduradunek. Alabaina, elkartea ekonomia aldetik egoera onean daudela argitu dute eta egituraren arduraren segida beren esku hartzeko talde bat agertuko balitz, beren prestutasuna adierazi dute Eihartzearen jarraipenean laguntzeko.

Edonola ere, azaroaren 1a den egun seinalatua hautatu dute gaur arteko Eihartzearen ehorztea edo ihartzea – despedidarako elkartearen arduradunek darabilten umore berean esanda– ospatzeko. Egun horretan arratsaldeko 17etan bildu nahi dituzte Eihartzearen urteotako laguntzaile eta lagunak azken krakada bat elkarrekin egitera, Hazparneko Francis Jammes karrikako egoitzan.

Zinegin da Eihartzearen urteotako ekintza sail bat. Irudian, 2020ko edizioko Zinegin festibalaren iragarkia.