argia.eus
INPRIMATU
37 hildako Kanarietatik gertu, erreskatea hamabi orduz itxoin ondoren
Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 22a

37 pertsona hil dira asteazkenean –bi ume tartean–, txalupan erreskatea itxoiten ari ziren bitartean. Hamabi ordu pasa dituzte itxaroten, Kanaria Handiko kostaldetik 80 miletara eta Mendebaldeko Saharatik 40ra. Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak Greziako kostaldean gertatu berri den tragediarekin konparatu du. Salatu du oraingoan ere gobernuek ez dutela bete migratzaileek erreskatatzeko duten betebeharra. Salbamendu-taldeek 24 pertsona erreskatatu dituzte. Ume baten gorpua berreskuratu dute, baina 36 hildakoen gorpuak desagertuak jarraitzen dute.

Migratzaileek Caminando Fronterasekin hitz egin zuten beraien egoera arriskutsua azaldu eta kokalekua emateko, astearte arratsaldean. GKEak Espainiako larrialdi zerbitzuekin hitz egin zuen, ontzia Espainiako salbamendurako gunean zegoelako, baina larrialdi zerbitzuak Marokoko autoritateekin hitz egiten hasi ziren erreskatea koordinatzeko. Azkenean Marokok erreskatatu zituen, hamabi ordu pasa ondoren, baina jada berandu zen.

Helena Malenok, Caminando Fronterasen fundatzaileak, migratzaileak jasan duten egoera “tortura” gisa definitu du. Espainiako bitartekariak inguruan zeuden ontzietara migratzaileei laguntzeko mezua bidali zien, baina kargaontzi bakarra gerturatu zen, eta txalupa hondoratu arte ez zuen esku hartu.

Erreskate batzuk gauzatu dira

Asteartean Itsas-Salbamenduak Kanaria Handitik eta Lanzarotetik gertu 114 migratzaile erreskatatu ditu, Lanzarotek 53 hartu ditu eta Kanaria Handiak 61. Ostegun goizean, Mediterraneoan, Aita Mari ontziak 172 pertsona erreskatatu ditu itsasoan, Nadir ontziarekin talde-operazio batean. Migratzaileak Salernora bidean daude.