argia.eus
INPRIMATU
37 galdera hezkuntza publikoaren mugaz bestalde bizi den sailburu berriari

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea 2024ko uztailaren 03a
Badugu zeinek agindu...

Eusko Jaurlaritza osatu berri da, eta Begoña Pedrosa izango da Hezkuntzako sailburua. Aurreko legealdian sailburuordea izanda eta joan den abenduan onartu zen Hezkuntza Lege berriaren sortzaileetako bat izanik, zilegi zaigu lege horren garapenaren eta bere hezkuntza politikaren gainean galdera batzuk egitea.

Ja gureak egin du...

Hala uste dugu publikoan sinisten dugunok, Hezkuntza Lege berriarekin eskola publikoarenak ia bereak egin duela, bere eskaerei muzin eginez onartu delako. Sailburu andrea, uste al duzu hezkuntza sistema egokia lortu daitekeela sistema horren erdia kaltetuz? Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa delakoaren bidez, legeak eskola publikoa eta kontzertatua parekatzen ditu. Benetan sinisten duzu zerbitzu publiko bat eskaintzeagatik edozein erakunde pribatu publiko balitz bezala tratatu behar dela? Noiz ikusiko dugu Hezkuntza Saila eskola publikoari lehentasunezko trataera ematen?

Legeak eskola publikoari egozten dio hezkuntzarako eskubidearen berme izatea. Zein da orduan sare pribatuaren funtzioa? Badakizu sare publikoa eta pribatua parekatzen dituen legeak ez diola sekula segregazioari aurre egingo eta ez dituela interes pribatuak interes komunaren menpe jarriko? Bide batez, zergatik ez dago oraindik ikastetxe publikorik EAEko auzo eta herri guztietan? Eta noizko azpiegitura duin eta erakargarriak (jolastokiak, estalkiak...) ikastetxe publiko guztietan?

Ez oraindik umildu...
Sailburu andrea, gure ustez, gizarte kohesioa, elkarbizitza eta integrazioa lortzeko tresna eraginkorrena da sare publiko bakarra, euskalduna, modu demokratikoan kudeatua eta baliabide nahikok hornitua sostengatzea

Ez umildu irakaskuntza pribatuaren patronalen aurrean. Legeak jasotzen dituen planteamenduak historian zehar irakaskuntza pribatuaren patronalek eskatutakoak dira. Men egingo diezu sare publikoaren kalterako bada ere? Jaiotze-tasa behera egiten ari den unean, sare pribatu osoaren interesak blindatzeko prest zaude?

Jarraituko al duzu kontzertazioaren moduluak diru gehiagoz hornituz, denboraz luzatuz eta aparteko dirulaguntzak zabaltzen? Babesa emango diozu, legearen bidez, dugun kontzertazio unibertsalari? Eutsiko al diozu sare pribatuaren presentzia ahalbidetzen duen eta segregazio-iturri den kontzertazio sistema diskriminatorio horri? Ba al dakizu ikastetxe kontzertatuak doakoak izanda ere (ez dira inoiz izango), ez dela eskola-segregazioa bukatuko? Zergatik dirua eman beharrezkoak ez diren ikastetxeei? Zergatik diruz lagundu adoktrinatzen dutenei? Eta nolatan euskalduntzen ez dutenei? Eskola-segregazioa etengabe sortzen duen sistema dualari eusteko asmoa duzu? Noizko diru publikoaren erabilera zentzuzko eta logikoagoa, berdintasunaren eta kohesioaren alde?

Elkarrengana bildu...

Hainbat ikasle etxetik urrun dagoen ikastetxe pribatu batera joaten dira, gurasoek hala aukeratuta, etxetik gertu eskola publikoa izan arren. Joan-etorriak egiten dituzte egunero, busez, etxetik ikastetxera (Araban 33, Gipuzkoan 81 eta Bizkaian 358 bus-ibilbide egiten dira. Loiura egunero 121 bus. Denak Haur eta Lehen Hezkuntzakoak). Zenbat kilometro egiten dituzte eta zenbat CO2 isurtzen da? Zenbat metro koadro espaloi okupatzen dute busaren zain daudenean? Nola uztartzen da alferrikako mugimendu hori Hezkuntza Sailak dioen hurbiltasunezko eskolatzearen aldeko irizpidearekin? Jasangarria al da?

Sare publikoko jangeletan 2016tik lau proiektu pilotu daude, non elikagai ekologiko, bertako eta sasoikoekin egiten diren menuak. Zortzi urte pasatu diren arren lehen esperientzia martxan jarri zenetik, oraindik ez da zabaldu aukera hori gainontzeko ikastetxeetara, eskaerak egon arren. Prest al zaude arlo horretan aurrerapausoak emateko?

Jaioko dira berriak...

Eta jarraituko dute ere etortzen gurean gelditzeko. Gizarte kohesioa helburu, sare publikoan sortzen diren ghettoak onargarriak dira? Neurririk hartuko al duzu zaurgarrien ghetto bihurtutako ikastetxe publikoei buelta emateko? Matrikulazio aldian, zergatik onartu kontzertatuaren gain eskaintza ikastetxe publikoetan lekua soberan dagoenean? Hezkuntza politikak ezartzean, noiz arte izango da familien ustezko hautuak irizpide nagusia? Noizko ikastetxeen plangintza, zonifikazioa eta matrikulazio kanpaina instituzionalak eskola publikoari begirako estrategiarik? Ikasle zaurgarrien banaketa iragarritako porrota izan da: zaurgarriak are zaurgarriago bihurtzen dituen ikastetxeetara bidaltzea, eskola publikoak husten diren bitartean, bidezkoa iruditzen zaizu?

Non daude "Haur Hezkuntzako plaza publiko nahikoak" kalean geratu diren 2 urtera arteko ehunka haurrentzat? Europara bueltatu ote ziren, errefusatu zenituzten milioi euro haiekin batera?

Gu gara zazpi probintzi... euskararen eremuan

Euskararen normalizazioaren bidetik, Hezkuntza Legeak ez du inolako aurrerapausorik ezartzen. Gaurko hizkuntza-ereduak mantentzeak laguntzen al du normalizazio horretan? Zer berme jarriko duzu D eredua murgiltze sistema izaten jarraitzeko? Euskara izanik integrazio-tresna nagusia gure umeek Euskal Herriko kultura ezagutu eta bere altzoan goxo sentitzeko, noizko murgiltze eredu bakarra euskaraz? Nola ulertzen duzu diru publikoarekin sostengatzea euskalduntzen ez duten ereduak?

Lege eder bat jarri, bizi gaitezen garbi...

Labur esanda, nolako neurri estrategikoak hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak eskola publikoaren "estatusa" eta matrikulazio maila Europako batez bestekoaren mailara –%80tik gorakoa–, hau da, hezkuntza sistemaren ardatz nagusi izatera? Zer neurri ezarriko ditu zerbitzu publikoak indartzearen aldeko diskurtso ofiziala hezkuntza publikora ere zabaltzeko?

Sailburu andrea, gure ustez, gizarte kohesioa, elkarbizitza eta integrazioa lortzeko tresna eraginkorrena da sare publiko bakarra, euskalduna, modu demokratikoan kudeatua eta baliabide nahikok hornitua sostengatzea. Horretara iristeko bide luzea dugu, duzu.

José Manuel Martínez Fernández eta Maribel Lopez de Luzuriaga Alonso

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideak