argia.eus
INPRIMATU
37 euskal preso eta zazpi preso ohi sartu dituzte Frantziako FIJAIT fitxategietan
  • FIJAIT izeneko arau hauste terroristen egileen fitxategia sortu du Frantziako Gobernuak. Bertan sartu ditu 37 euskal preso eta zazpi preso ohi, eta neurri zorrotzak aplikatu dizkiela salatu dute horietako hainbatek.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 21
FIJAIT fitxategia salatu du Giza eskubideen Ligak (LDH). (Arg.: Euskal irratiak)

2015eko uztailean onartu zuten FIJAITen sorrera, Charlie Hebdo aldizkariaren kontra izandako erasoaren ondorioz. Frantziako Gobernuak herritarrak “terrorismotik babesteko” tresna sortu nahi zuen modu horretan, eta 2016ko uztailean jarri zuen indarrean.

Ordutik 37 euskal preso eta zazpi preso ohik jaso dute fitxategietan sartuta daudela ohartarazteko jakinarazpena. Horrekin batera, hainbat betebehar dituztela ere adierazi diete: hiru hilabetean behin bere bizitokiaren justifikazioa erakutsi behar dute, eta Frantziako Estatutik atera ahal izateko hamabost egun lehenago abisatu behar dute.

Epaiketa egunetik hogei urtez egon daitezke gehienez FIJAITen sartuak, eta neurriak hamar urtez aplikatuko zaizkie gehienez. Preso daudenen kasuan espetxetik ateratzean hasiko da kontaketa. Aipatutako neurriak bete ezean, bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna jasoko lukete.

Betekizun horien aplikazioak “arazo larriak” sor ditzakeela azaldu du Jose Ramon Arano preso ohiak Berrian. Izan ere, euren bizimodua “erabat” baldintzatuko duela adierazi du, asko egunero joaten baitira Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira.  

Horren harira, FIJAIT fitxategia salatu du Giza eskubideen Ligak (LDH). Neurriek “askatasuna murriztu” egiten dutela esan du Cristophe Deprez LDHko ordezkariak. Era berean, euskal presoak fitxategitik kentzeko eskatu du Anne-Marie Michaud Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordeko kideak.