argia.eus
INPRIMATU
3.681 haurrek ihes egin behar izan zuten Donostiatik 1936an
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak gerrako umeen oroimena aitortzeko eta aldarrikatzeko ekitaldia antolatu du martxoaren 18an, Kursaalean.

Xalba Ramirez @xalbaram Irutxuloko Hitza @irutxulo 2023ko martxoaren 08a
Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko bi ordezkari, Julia Mongek eta Josu Chuecak. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 36ko gerratik ihesi egin zuten haur gipuzkoarrak identifikatzeko ikerketa amaitu dute.  Europa osoko hainbat artxibotan bilatu eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.232 kasu identifikatu ahal izan ditu: 5.053 gizon eta 4.960 emakume. Gaineratu dutenez, azterketa amaitu bada ere, izen berriak aurkituz gero, prestatzen ari diren datu basean sartuko dituzte. Datu base hau datozen asteetan argitaratuko dute foru erakundearen webgunean.

36ko gerran zuzenean parte hartu ez bazuten ere, gerrako umeek larriki pairatu zituzten gatazkaren ondorioak, oso gazte izanik erbestera ihes egin behar izan baitzuten. Gipuzkoako 56 udalerri identifikatu dira adingabe horien jatorri gisa, eta beste 246 pertsonen inguruan ez dago informaziorik. Erbesteratutako haur gehienak Donostiatik atera ziren (3.681), Irundik (1.590), Hondarribitik (609) eta Pasaiatik (571) ihes egin zuten. Baina bi kasu ere aurkitu dira Abaltzizketan, Elgetan, Lazkaon eta Zegaman, eta kasu bana Altzon, Zizurkilen, Zaldibian eta Asteasun.

Gehienak Frantziara joan ziren (4.840), ondoren Kataluniara (4.155), Belgikara (580), Sobietar Batasunera (465) eta Erresuma Batura (312). Batzuk Europatik kanpo aurkitu zuten babesa, eta beste batzuk baita Estatu barruan ere: Valentzia eta Madril (26) eta Amerikan: Mexiko, Venezuela, Argentina, Txile edo Uruguai (64). Beste 459 haur ere identifikatu dira, baina ez da haien helmugei buruzko informaziorik aurkitu.

Hala jakinarazi dute Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren foru zuzendariak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko bi ordezkarik, Julia Mongek eta Josu Chuecak, azterlanaren datuak emateko astelehen goizean emandako prentsaurrekoan.

Martxoaren 18ko omenaldia

Gerrako umeen memoria berreskuratzeko ahalegin horretarako, duela bi urte lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Helburua gerran jaiotako haurrak identifikatzea izan da: jaioterria, izen-abizenekin eta, posible izan den kasuetan, beren argazki bat eta historia labur bat lortuz.

Azterlana amaitzearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak gerrako umeen oroimena aitortzeko eta aldarrikatzeko ekitaldia antolatu du. Ekitaldia martxoaren 18an, larunbata, izango da, 11: 30ean, Kursaalean.