Hala adierazi dute Nafarroako Elikagaien Bankuak Iruñean egindako dibulgazio-jardunaldi batean, elikagaiak alferrik galtzearen aurkako astearen barruan. Horren ifrentzua da, elikagaien hondakinak iaz %6,2 murriztu zirela.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak koordinatutako Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularreko Bulegoaren datuak dira aipatutakoak. Nafarroako Elikagaien Bankuak (NEB) DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat dibulgazio-jardunaldi bat egin du Iruñeko Civicanen eta han azaldu dituzte datuok.
Iaz Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kontseilaritzak jakinarazi zuenez, Nafarroan erosten diren hiru elikagaietatik bat zaborretara doa, batez ere herritarrak ez dituelako erosketak planifikatzen, eta horri aurre egiteko Elikagaiak Alferrik Galtzea Murrizteko Agenda jarri zuten abian. Ana Bretaña kontseilaritzako zuzendari nagusiak jardunaldian azaldu zuenez, agenda hori eraginkorra izan da: "Elikagai hondakinek ingurumena kaltetzen dute, elikagai horien hazkuntzarako behar diren ur litroen xahubideagatik, eta horien garraioak eragin ohi dituzten berotegi-efektuko gasengatik”.
Bankuko lehendakari Marisol Villarrek bolumen hori kuantifikatu egin zuen, bai urarena eta bai berotegi-efektuko gasena: 974 igerileku olinpikoren ur xahubidea litzateke edo Madril eta New York artean 32 hegazkin bidaiek suposatuko luketen karbono-aztarna. Nafarroako 9.000 familia ingururi arreta emateaz gainera, elikagaien bankuak elikagaien 2.572 tona alferrik galtzea ekidin du iazkoan.