argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuaren laguntza
360 eta 2.000 euro bitarteko diru-laguntzak Pirinioetako ikasleen “aukera berdintasuna” sustatzeko
  • Guztira 160.000 euro bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak bertako biztanleen “aukera berdintasuna” sustatzeko. 174 ikaslek jasoko dute 360 eta 2.000 euro bitarteko diru-laguntza. Ez da nahikoa izango, ordea, Pirinioetako herritarrentzat, diru-laguntza eskatu dutenen bi herenek jasoko baitute.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko uztailaren 18a
Gloria Larrainzar eskola publikoaren kanpokaldea / Argazkia: Patricia Carballo

160.000 euro bideratuko ditu diru-laguntzetan Nafarroako Gobernuak Pirinioetako despopulazioari aurre egiteko. Diru-laguntzak eskatu dituzten bi herenek jasoko dute, guztira 174 ikaslek, eta 360 eta 2.000 euro bitartekoa izango da.

Noticias de Navarrak azaldu duenez Pirinioetako herritarren “aukera berdintasuna” eta “familien kontziliazioa” sustatzea ditu heburutzat programak. Hiru lerrotan banandu ditu diru-laguntzak: A lerroa, 0 eta 3 urte bitarteko haurrak dituztenentzat; B lerroa, 3 eta 16 urte bitarte dituztenentzat; eta, C lerroa, 16 eta 19 urte bitarte dituztenentzat bideratua.

Gu Pirinioa elkartearen salaketa

Otsailean prentsaurrekoa egin zuen Gu Pirinioa elkarteak bertako despopulazioari aurre egiteko urgentzia azaltzeko eta neurriak har ditzaten eskatzeko. Urtean biztanleen %10 galtzen duela salatu zuen Mabel Cañada bozeramaileak. Pirinioaren inguruko ponentzia parlamentarioa babesteko, etxebizitzetan alokairu sozialak sortzeko eta hezkuntzako irakasleen ratioak egoerari egokitzeko eskatu zuten, besteak beste.