Fiskaltzak bi eta sei urte arteko kartzela zigorra eta 22.020 euro arteko kalte ordainak eskatu ditu zortzi inputatuetako bakoitzarentzat. 8 de Yesa plataforma sortu dute inputatuen egoeraren berri emateko.
2012an Artiedan (Aragoi) Esako urtegiaren handitze lanetarako abiatutako desjabetzeen aurka protestan ari zirenei oldartu zitzaien Guardia Zibila. Errepidean elkartu ziren modu baketsuan, baina desjabetze aktak exekutatu behar zituzten Ebroko Komisio Hidrografikoko funtzionarioek aurrera egin ezin izan zutenean, Guardia Zibilak manifestarien aurka egin zuen. Hainbat zauritu egon ziren, eta nahiz eta Guardia Zibilak atzera egin, hilabete batzuen buruan zortzi pertsonek salaketak jaso zituzten protestaren egunean identifikatu ez bazituzten ere.
Desordena publiko, autoritatearen aurkako atentatu eta lesioengatik inputatu dituzte Arriel Dominguez, Oscar Ara, Sergio Palacin, Chesus Maria Royo, Miguel Palacín, Jorge Luis, Alex Ubieto eta Javier Lopez. Kargan parte hartu zuten hamasei Guardia Zibilen aurkako salaketa, ordea, artxibatu egin zuen Zaragozako Auzitegi Probintzialak. Gobernuaren ordezkariak adierazi zuen ez zela kargarik izan, Guardia Zibilak “bidea ireki” zuela soilik. Esako zortziek azaldu dute ez zela abisurik izan eta poliziek bat-batean eraso zietela.
Artiedako herritarrek Rio Aragon elkartearekin batera urteak daramatzate Esako urtegiaren handitze lanen aurka borrokan. Proiektua 1985ean aurkeztu zuten, eta 2001ean martxan jarri. Ordutik hona urtegiaren inguruko lurrak desjabetzen aritu dira. Chema Royok, inputatuetako batek, 2012an Artiedan gertatutakoa desjabetze masiboa izan zela adierazi du La Directari eskainitako elkarrizketan.
Hiru urteren ostean 8 de Yesa plataforma sortu dute dirua bildu, inputatuen egoeraren berri eman eta herritarrei elkartasuna eskatzeko. Plataformaren webgunean kargaren bideoak eta materialak aurki daitezke. Baita inputatuen aldeko manifestua sinatzeko aukera ere. Zenbait alderdik babesa adierazi die Esako zortziei, eta Zaragozako Udalak euren aldeko mozio bat onartu du Zaragoza en Común, CHA, PSOE eta Ciudadanosen babesarekin.