argia.eus
INPRIMATU
350.000 langile hitzarmenik gabe geratuko dira hil honetan EAEn
  • Uztailaren 7tik aurrera lan hitzarmen asko amaituko dira EAEn. Honek 350.000 langileri eragingo die.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko uztailaren 01a
LABeko GarbiƱe Aranbururen esanetan, patronalaren posizioak argi uzten du, lan erreformak erabat hautsi duela negoziazio kolektiboa. Argazkia: etb.com

Guztira, 113 hitzarmen galdu dira apiriletik hona eta sei bakarrik sinatu. LAB, CCOO eta UGTk probintzietako lan hitzarmenak mantentzea dute helburu, beraien ustetan galdu ezin diren erreferentziak baitira.

Metalaren negoziaketetan, hiru sindikatuek proposamen bana egin dute EAEko probintzia bakoitzean. Sindikatuen arabera beraien proposamenarekin negoziazioa desblokeatu nahi dute. Baina patronalak muzin egiten die sindikatuen eskaera eta proposamen guztiei. Patronalak esan duenez, ez dute sinatuko “kontraerreforma” kutsua duen hitzarmenik.

Adegiren esanetan lan munduak martxan jarrai dezake lan hitzarmenen existentziarik gabe, lehiakortasunean hobetuko litzateke  eta enpresek erabakitzeko gaitasuna berreskuratuko lukete.

LABeko Garbiñe Aranbururen esanetan, patronalaren posizioak argi uzten du lan erreformak erabat hautsi duela negoziazio kolektiboa.

Sindikatuak dionez, lan hitzarmenen desagertzeak lan erreformaren aurrean biluzik uzten ditu langileak eta denborarekin erreformaren neurri ugari aplikatzen joango dira.

Aranbururen esanetan, lan harremanak geroz eta desorekatuagoak izango dira eta ez dute inondik inora hazkunde ekonomikoa bermatuko. Hitzarmen probintzialen desagertzeak, erreferente bezala  Espainiako estatuko hitzarmena ezarriko luke EAEn eta honek gogortu egingo du langileen egoera, honen aplikazioak soldatak eta lan baldintzak ahulduko ditu.

Nafarroan egoera bestelakoa

Nafarroan lan hitzarmenen egoera, 2012an CCOO eta UGTk patronalarekin lortutako itunak baldintzatzen du. Hainbat sektoretan lortutako adostasunak CCOO eta UGTk  2012 lortutako itunaren pean ezarri dira.

LAB itun horren aurrean aurka agertu izan da, langileak ez baititu erreformaren eraginetik urruntzen. Beraien ustez,  atzera pausoa da.  Sindikatu abertzaleak dio Nafarroak sektore desberdinen arteko itun orokora behar duela eta hori lortzeko bidean negoziazioetan jarraituko dutela. Bitartean, banako enpresa eta sektoreetan jadanik badauden hitzarmenak blindatzen ahaleginduko dira.