argia.eus
INPRIMATU
3.500 urteko meategiak aurkitu dituzte Aralarren

2011ko martxoaren 23a
Arritzagako amildegia Aralarren

Amezketako Arritzagan, Aralarren, Brontze Aroko meategiak aurkitu dituzte Felix Ugarte espeleologia elkarteko eta Arkeolaneko kideek. Euskal Herrian parekorik ez duen aurkikuntza da, eta Europan oso leku gutxitan daude hain antzina sortutako zuloak. Proiektuaren arduradunen hitzetan, meategiok ez dira autogestiorako sortutakoak, produkzio handiko gune sofistikatuak baizik, eta bertan lanean aritzen zirenak meatzari adituak ziren. Karbono 14 frogak egin dituzte eta 3.500 urte dituzten aztarnak daude, besteak beste; minerala ateratzeko tresnak ere aurkitu dituzte, orein adarra esaterako. Arritzagan betidanik ezagutu izan dira meategiak eta duela gutxi arte ustiatu dira, baina orain aurkitutakoak ezkutuan zeuden, mendi magalaren aldamen batean.