Covid-19 birusaren puntu beltz bilakatu da Italia iparraldeko Lombardia eskualdea. Iturri ofizialen arabera, Bergamon mila hildako daude, baina askoz gehiago izan daitezke. Hala adierazi du Luca Radaelli kazetariak. Haren ustez, egoeraren kontrola hasieratik galdu zuen gobernuak. "Ez daki zer egin, ez dago protokolorik".
Enpresaburuen presioak eragin handia du koronabirusaren krisian Lombardian, eta sektore ekonomikoen jarduera eteteko erabakia zailtzen ari da. Gobernuaren "ezintasunaz" eta osasun sistemaren "kolapsoaz" hitz egin du Luca Radaelli (Bergamo, 1974) Bgreport atari digital independenteko kazetariak.
Zein da egoera une honetan Bergamon?
Nahiko gogorra. Lombardian otsailaren 21ean hasi zen krisia, eta une honetan Bergamo hirian ia mila hildakori buruz ari dira hitz egiten modu ofizialean; baina zenbakiak faltsututa daude.
Ez al dira datu errealak?
Gaixo kopurua askoz handiagoa da, ez dutelako probarik egiten. Covid-19aren proba bakarrik ospitalera iristen direnei egiten zaie, eta ez denei, larri daudenei bakarrik. Eta zaharren egoitzetan adineko asko hiltzen ari da, eta ez diete probarik egingo, ez dute jakingo birusetik hil ote diren. Koronabirusa dudala uste badut ere, sintomak badauzkat ere, ez didate proba egiten. Eta hori arazo handi bat da, inor ez baita konturatzen gaixo dagoen ala ez; inguruko jendearekin, familiarekin harremana izan dezakezu, eta konturatzen zarenean jada kutsatuta zaude. Hildakoen kopurua handiagoa da, baina are handiagoa da gaixoen kopurua.
Nolako etxeratzea ezarri dute eskualdean?
Justu-justu irten daiteke erosketetara eta lanera. Atzo bertan (astelehena), Lehen Ministroak funtsezkoak ez diren sektore ekonomiko guztiak ixteko agindu zuen. Bihartik (asteazkena) egongo da indarrean dekretua, baina enpresaburuak gobernua estutzen ari dira, eta badirudi dekretua ezartzeko interpretazioa enpresaburuen aldekoa izango dela. Greba orokorrera ere deitu dute, lantokiak ixtearen alde.
Etxeratzea errespetatzen al da?
Italia osoan 60.000 salaketa egon dira. Bergamotik, ordea, perspektiba guztiz ezberdina da, hemen hildako asko dagoelako eta jendea beharragatik ateratzen delako bakarrik, eta kontuz ibiltzen da, ez da besteengana hurbiltzen. Korrika egitera doazen pertsonen aurkako kanpaina bat egon da Italian, pandemiaren ardura korrika egiten duen jendeari leporatu nahian; eta Bergamon, jendea korrika egitera ateratzen da, baina ez da besteengana hurbiltzen. Hemen jendeak ez du ezer esaten, badakielako korrika egitera ateratzen zarela behar duzulako, 40 metro koadroko pisu batean bizi zarelako. Min handia dago baina ez dago urduritasun handirik.
Zein da egoera ospitaleetan?
New England Journal of Medicine aldizkariak argitaratu duen Bergamoko ospitaleko 30 medikuk sinatutako agiri bat ekarri dugu webgunera, oso gogorra. Egoera erabat kontroletik kanpo dagoela diote, ez dutela protokolorik, ez zeudela izurriterako prestatuta, eta inork ez dakiela nola kudeatu. Mediku guztiak kutsatzen ari dira eta ez dago lekurik, jendea etxean hiltzen ari da, oxigenorik gabe. Esaten ari dira ospitalean hiltzen den batengatik etxean hiru hiltzen direla. Hori da proportzioa. 3.500 mediku ditugu kutsatuta, eta ezin da kudeatu.
"Mundu global batean gaude eta Txinan zerbait gertatzen bada Italiako gobernuak ezin du ezer ez egin"
Nola iritsi da Lombardia egoera horretara?
Alzanoko ospitalea da probintziako foku nagusia, eta egunak itxaron zituzten herria itxi edo ez erabakitzeko. Bi lagunek positibo eman zutenean, ospitaleko larrialdi gela berehala itxi zuten, baina ordu gutxi batzuen ondoren berriro ireki zuten. Bitartean, Lodi probintzia eta Veneto berehala itxi zituzten eta horrek emaitza ona ekarri zuen, birusaren hedapena gelditu zuten, baina Alzanon ez zuten itxi, enpresaburuek presio handia egin zietelako Legako alkateei. Beraz, zenbaki ofizialen arabera, hemen dugu Italian kutsatutakoen artean hilkortasun tasa altuena, %17. Gainera, kutsatzen diren hamarretik bi hil egiten dira.
Gobernuak ez zuen garaiz erreakzionatu?
Kudeaketa txarraren arazoa dago, ezintasunarena. Mundu global batean gaude, eta Txinan zerbait gertatzen bada Italiako gobernuak ezin du ezer ez egin, epidemiologoak bidali beharko ditu, hausnarketa egin eta bitartekoak jarri. Premia publikoaren benetako egoera dagoenean, eta gobernu baten benetako premia dagoenean, gobernua ez dago prest, ez daki zer egin, ez dago protokolorik. Orain egoera sinesgaitza da, armada hildakoak ateratzen ari da kanpoan erretzeko, hiriko errausketa-labeak ezin dituelako hilotz guztiak erre. Behingoagatik biztanleria zibilari laguntzen ari dira militarrak.
Nolako osasun-sistema du Lombardiak?
Osasun-sistema ustela dugu Lombardian, urrezko arrautzen oiloa da, osasungintzatik diru pila bat ateratzen dutelako. Eskualdea azken hogei urteetan gobernatu duen Legak eta eskuineko katolikoek kudeatu dute, eta osasungintzaren alderdi asko pribatizatu dituzte. 2007tik 30.000 milioi murriztu ziren gastu publikoan, eta %7ko murrizketa egon zen ere medikuen plazetan. Orain laguntza eskatu behar izan dute. Kubako eta Txinako medikuak iritsi dira Lombardiara; eta Errusia ere laguntza bidaltzen ari da. Interesgarria da eskuinak kudeatutako eskualde batek, etorkinen aurkako politikak egin dituenak, orain Kubari laguntza eskatzea; eta Kubak inolako arazorik gabe eman dio. Medikuak etorri dira euren lana egitera, ebolaren epidemiarekin esperientzia handia dutelako.
"Jendea oso haserre dago; etxean geratu behar dutela esaten diete eta gero lanera bidaltzen dituzte"
Zein izaten ari da jendearen erreakzioa?
Jendea oso haserre dago, eta helburua batez ere enpresariak dira; etxean geratu behar dutela esaten diete eta gero lanera bidaltzen dituzte. Zailagoa da erantzukizun politikoa argitzea, pilota pasatzen ari direlako gobernu zentralaren, erregionalaren eta alkateen artean, eta baita ezkerraren eta eskuinaren artean ere.
Nola hartu dira eskubideen murrizketak?
Eskubideen murrizketaren eztabaida bigarren mailakoa da orain. Egia da eskubideen murrizketa dagoela, baina osasun beharra da konfinamendua. Isolamenduaren lehen arazoa ardura politikorik eza izan da, jendeari esaten zitzaion gripea bezala zela, iritzi kontraesankorrak zabaltzen ziren, eta jendea ez da etxeratu; baina jendeak dakienean zer gertatzen ari den, burua dauka eta badaki gizarte gisa antolatzen.
Konplotaren ideia ere zabaldu da hainbat sektoretan.
Ezin dugu pentsatu hau kontrol sozialerako modu berriak esperimentatzeko konplot bat denik. Gizartea kontrolatzeko modu berriak esperimentatzen ari dira, botereak esperientzia hau erabiliko du etorkizunean gauzak egiteko, baina zuk ere erabil dezakezu. Borroka bat da, baina ez dut uste aurrez antolatutako zerbait denik... Praktika ezberdin bat dago eta praktika desberdin hori botereak erabiliko du, hori argi dago, baina guk ere; borrokatu behar dugu.