argia.eus
INPRIMATU
350 hektareako eguzki-plaken proiektuari ezezkoa eman diote Erriberabeitiko herritarrek
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bigarren parke fotovoltaikorik handiena zatekeen Ribabellosakoa, 200.000 eguzki plaka zituzkeen. Handiena ere Erriberabeitin dago, bi kilometro eskasera.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urriaren 02a
Ekienea, Erriberabeitin dagoen eguzki plaken proiektuaren aurkezpena, 2020ko udan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parkerik handiena da. (Argazkia: Irekia)

Solaria enpresa uda aurretik jarri zen harremanetan Erriberabeitiko Ribabellosa eta Quintanillako lur jabeekin, bi herrien artean, 350 hektareako eremuan, 200.000 eguzki plakako parkea eraikitzeko. Haien arabera, 28.000 etxe hornitzeko adina energia sortuko litzateke.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bigarren proiekturik handiena izango zen. Ekienea deituriko proiektua da handiena; Erriberabeitian dago, hain justu ere Ribabellosatik bi kilometro eskasera. Arratzua-Ubarrundian dagoen eguzki plaken parkea ere Solariak kudeatzen du.

Solariak, behin Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren baimen administratiboak eskuratuta, lurraren jabeei terrenoak erosteko prozesua abiatu zuen. Kontratu zirriborroak herritarren eskura jarri zituen, eta joan den larunbatean egin zuten herri-batzarra, enpresarekin ituna sinatu ala ez eztabaidatu eta erabakitzeko. El Correo-ren arabera, "bozketa estua" izan zen, baina ezezkoa gailendu zen.