argia.eus
INPRIMATU
Fusilatuen senitartekoek
350 hilotz lurpetik ateratzeko eskatu dute Nafarroako Parlamentuan
  • 1936an 3.400 nafar hil zituzten gerra fronterik ez izan arren. Horietatik 350 fusilaturen gorpuak lurpean daude oraindik 52 hobitan; berreskuratu ez daitezken kasuak kontuan hartu gabe. Fusilatuak lehenbailehen ateratzeko eta sinbolo frankistak kentzeko exijitu dute Nafarroako fusilatuen senitartekoek.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 17a
Aranzadi Zientzia elkarteko kideak Oibarko fosetatik gorpuak berreskuratzen (Argazkia: Ahaztuak 1936-1977)

Aranzadi Zientzia elkarteko Jimi Jimenezek eta Pako Etxeberriak Nafarroako Fusilatu, Eraildako eta Desagertuen Senitartekoen Elkarteko presidente Olga Alcegarekin batera egin dute eskaera Parlamentuan.

Iragan abenduan onartutako Nafarroako 1936ko biktimen legearen ildotik eskatu zuten Bilduk, Aralar-NaBaik, PSNk, Izquierda-Ezkerrak eta Patxi Leuza parlamentariak bi elkarteetako kideek Parlamentuan agerraldia egin zezaten.

Lege horrek 1936ko altxamendu militarraren ondorioz hildakoen eta errepresioa jasan zuten biktimen aitortza eta lege babesa dakar. Senitartekoek salatu dutenez, "Nafarroako Gobernuaren eginbeharra da 36ko gerrako biktimen gorpuak bilatu eta jasotzea; halere oraindik ez dira gurekin harremanetan jarri".

Olga Alcegak Nafarroako Gobernuari eskatu dio lege horren aurrean “konpromiso iraunkor eta sendoa” hartu dezala, eta hobietako hilotzak lehenbailehen atera ditzala, "denbora kontra dutelako". Bestalde, Nafarroan dauden sinbologia frankistak kentzeko exijitu du.

Pako Etxeberria forentseak azaldu duenez, 2000. urteaz geroztik 6.500 gorpu atera dituzte Espainiako Estatuan; horietako batzuk Nafarroako hobietatik. Oraindik zerrenda luzea dela baina finantzaziorik ez dagoela salatu du. 160.000 euroko aurrekontuarekin lan guztiak eginen liratekela gaineratu du.

Etxeberriaren ustez, Ezkabako gortorlekuko paretetan idatzitako mezuak ere berreskuratu beharrekoak dira. Bertan preso zeudenen mezu etsigarriak biltzen dira norbaitek handik atera zitzala eskatuz.

Informazio gehiago: ARGIAren 2398. zenbakian Josefina Lamberto Yoldiri buruzko erreportajea argitaratu da. 1936ko gudan aita fusilatu eta Maravillas 14 urteko ahizpa bortxatu eta hil zuten Larragan.