argia.eus
INPRIMATU
35 urteko Boric ezkertiarra eskuin muturrari gailendu zaio Txileko hauteskundeetan
  • Herrialdearen historiako presidenterik gazteenak eta bozkatuenak martxoan hartuko du agintea. Bigarren itzulian bozen %56 eskuratu du Apruebo Dignidad koalizio ezkertiarrak, eta milioi bat bozkako aldea atera dio Gabriel Boricek José Antonio Kast ultraeskuindarrari (%44).

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 20a
Lehen itzulian ez zen gailendu Boric, baina bigarrenean presidentetza lortu du. / Argazkia: Getty.

Parte-hartze handiarekin nagusitu da Gabriel Boric ezkerreko hautagaia Txileko hauteskundeetan, eta atzean utzi du José Antonio Kast eskuin muturraren hautagaia. 2012an bozkatzea borondatezkoa egin zutenetik –aurretik derrigorrezkoa zen, legez–, igandekoa izan da parte-hartze altuena izan duen hauteskunde deialdia: %55,6. Horietatik 4.619.109 lagunek bozkatu dute Boricen Apruebo Dignidad ezker koalizioaren alde (%55,8), eta milioi bat boto gutxiago jaso ditu Alderdi Errepublikarraren Kast hautagaiak: 3.648.987 (%44,15). Milaka herritar Santiago hiriburuko kaleetara atera dira garaipena ospatzera.

 

Martxoaren 11n hartuko du presidentetza Boricek, ikasle mugimenduetako kide esanguratsu izandakoak, 36 urterekin. Herritarrei zuzendu zaie, esanez “ziklo aldaketa historiko hau” ez duela “desaprobetxatuko”: “Txiletar ororen presidente izango naiz, beste alternatiba bat hautatu dutenena eta bozkatu ez dutenena ere bai”. Salvador Allenderen aginteaz geroztik herrialdeak izango duen presidentetzarik ezkertiarrena izango da. Orain arte egindako lana gogorarazi du lehen hitzaldian: “Ibilbide historiko baten oinordeko sentitzen naiz, posizio desberdinetatik justizia soziala, demokraziaren zabalkundea, giza eskubideen defentsa eta askatasunen babesa bilatu duten pertsona nekaezin horiena”. Dei egin du “etapa berrian” horiek guztiak elkartzera.

Bigarren itzuliaren zain

Txiletarrak zein nazioartea abenduko hauteskundeen emaitzaren zain egon dira, azaroko lehen itzulian Kastek irabazi baitzuen, eta historikoki bigarrenean ere lehen itzuliko hautagaia gailendu izan da. Oraingoan ez horrela izan, ordea.

Gabriel Boricek politika feministak eta justizia soziala azpimarratu ditu diskurtsoan, baita jatorrizko herrien defentsa ere. Programa sozialdemokrata aurkeztu du, eta herritarrei promesa egin die pentsioen eta osasunaren erreforma egingo dituela. Bestalde, Kastek “ordena eta legea” ezartzearen alde egin du hauteskunde kanpainan, neoliberalismoaren aldeko eta migrazioaren aurkako mezuak zabalduz; eskuin muturraren ideia tradizionalak defendatzen ditu.

Latinoamerikako ezkerraren zoriona

Garailea zoriondu dute, Kastek ez ezik, Hego Amerikako eta nazioarteko hainbat agintarik. Besteak beste, babesa eman diote presidente hautatu berriari Argentina, Bolivia, Venezuela, Kuba eta Peruko gobernuek. “Pozik nago gure Latinoamerikan hautagai demokratiko eta progresista batek irabazi duelako, denontzat etorkizun hobea eraikitzeko bidean”, adierazi du Lula da Silva brasildarrak ere. Pedro Castillo Peruko presidenteak adierazi du txiletarrek irabazi dutela: “Lortu duzun garaipena Txileko herriarena da, eta Latinoamerikako herriek partekatzen dugu, zeinak askatasunean, bakean, justizian eta duintasunean bizi nahi dugun”, zuzendu zaio Borici.