argia.eus
INPRIMATU
35 urteurrena emanaldi berezi batekin ospatuko du gaur Euskalerria Irratiak
  • 1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 07a
35. urteurrena ospatuko du Euskalerria irratiak. // Argazkia: Euskalerria irratia

Euskalerria Irratia osatzen duten kideek Iruñeko Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat egingo dute gaur 19:00etan. Anari, Ibil Bedi eta Raimundo el Canastero arituko dira festan.

Proiektuak hasieratik izan ditu ardatz euskara eta komunitatea. 2015era arte lizentziarik gabe aritzea “oztopo lasterketa” izan zela nabarmendu du irratiko esatari Reyes Ilintxetak, Nafarroako Hitzak jaso duenez. Halaber, koordinatzaile Juan Kruz Lakastak azpimarratu du bazterketaren aurka egiteak “borrokaren ikur” bilakatu duela irratia.

Lakastak iragarri du "pauso garrantzitsua" izango duela aurki irratiak: “Oraindik ezin dugu zehaztu, baina jauzi handia izanen da irratiarentzat”. Halaber, Naizen adierazi du gaur egun Euskalerria Irratia “proiektu komunikatibo bizi eta sendoa” dela: “Denon artean lortu dugu eta denon artean ospatu behar dugu”.