argia.eus
INPRIMATU
35 herritan egingo ditu galdeketak Gure Esku Dagok igandean
  • Tolosaldean, Oarsoaldean, Larrabetzun, Hernanin eta Astigarragan antolatuko ditu galdeketak Gure Esku Dagok igandean. Mugimenduak adierazi du “herritarrei dagokiela hitz egitea”.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 14a
Gure Esku Dagok galdeketak iragartzeko Errenterian ateratako argazkia. (Arg.: Gure Esku Dago)

Hilabetetako lanaren ostean heldu dira galdeketa antolatzera. Herritarren ahalduntzea, borondatea eta konpromisoa beren tresna garrantzitsuenak direla azpimarratu dute. Hain zuzen, igandean 2.000 boluntario inguru ariko dira lanean galdeketak antolatzeko.

“Gure botoarekin, edozein dela ere, herritarron, herritar denon aldeko urrats handi bat egiteko aukera izango dugu igandean”, parte hartzera dei egin du mugimenduak.

2014an Etxarri-Aranatz eta Arrankudiaga-Zollo izan ziren aitzindariak galdeketak egiten. Joan den urtean beste 36 herrik eduki zuten galdeketa egiteko aukera, eta uda iristen denerako milioi erdi izango dira beren iritzia emateko aukera eduki duten euskal herritarrak.

Gure Esku Dagok zabaldu duen oharrean, argi adierazi du beren helburua galdeketa Euskal Herri osora zabaltzea dela: “Martxoaren 19an gure herrietan posible izango dena, etorkizunean Euskal Herrian posible izatea”.