argia.eus
INPRIMATU
343 migratzaile erreskatatu dituzte Mexikon abandonatutako kamioi batetik
  • Horietatik 131 adin txikikoak ziren. Guatemalakoak, Honduraskoak, El Salvadorrekoak eta Ecuadorrekoak dira aurkitu dituzten pertsonak, eta AEBetara iritsi nahi zuten. Ez da azkenaldian horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 07a

343 pertsona aurkitu dituzte Mexikon abandonatutako kamioi batean igande gauean, Mexikoko Migrazio Institutuak (INM) jakinarazi duenez. AEBetara migratu nahi zuten. Horietatik 103 ziren bakarrik zihoazen adingabeak, eta beste 28 adingabe ere bazeuden, senideren batekin zeudenak. Guatemalakoak dira gehienak, eta gainontzekoak Honduraskoak, El Salvadorrekoak eta Ecuadorrekoak.

Veracruz estatuan aurkitu dute abandonatutako kamioia, gidaririk gabe. Metalezko egitura batzuekin egindako bi maila zituen barruan, eta hor pilatuta zeuden migratzaileak. Koloretako besokoak zituzten jarrita, identifikatzeko.

Adingabeak eta familiak Mexikoko Familiaren Garapen Integralerako Sistemaren esku utzi dituzte. Helduek, berriz, prozedura administratiboak martxan jarri behar izan dituzte euren Mexikoko egoera juridikoa zehazteko.

Ez da salbuespena

Igandekoa ez da salbuespena izan. INMk jakinarazi duenez, aurreko astean 79 migratzaile aurkitu zituzten Tijuana hiriburuan, hotel bateko geletan pilatuta. Urte hasieran ere kamioi batean beste 269 pertsona aurkitu zituzten, Chiapas estatuan.

Mexiko inoizko migrazio-fluxu handiena izaten ari da. 2022an agiririk gabe zihoazen 2,76 milioi pertsona geratu zituzten AEBekiko mugan. AEBek adierazi zuten hilean 30.000 migratzaile jasoko zituztela, Nikaragua, Kuba, Venezuela edo Haititik zetozenak, baina gainontzeko guztiak deportatu egingo zituztela. Otsailean, esaterako, Guatemalako ia 100 adingabe deportatu zituzten Mexikotik.