argia.eus
INPRIMATU
34 urtera arte gurasoenean: etxebizitzaren arazoak bere horretan dirau EAEko gazteentzat
  • EAEko gazte gehienek 30-34 urtera arte ezin dute gurasoen etxetik alde egin, Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu duen txostenaren arabera. Dokumentu berak dioenez, gainera, etxea erosteko zorpetzera jotzen dute gehienek.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 16a
Argazkia: qimono / Pixabay.

“Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-beharra Euskadin 2019” txostena argitaratu du Gazteen Euskal Behatokiak eta berriro ere agerian geratu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitza eskuratzeko zailtasunen ondorioak.

Gazte gehienek 30-34 urteen artean lortzen dute gurasoen etxetik alde egin ahal izatea: %70,1 dira adin horretan emantzipatu direnak. Hori baino lehen beren kabuz bizitzen jartzen direnak berriz, gehienez populazioaren herenera iristen dira 25-29 adin tartean (%33,1). Datua are txarragoa da 18-24 urte bitarteko gazteen artean: %8,1 bakarrik bizi da bere kasa.

Beste ondorioetako bat: etxebizitza jabetzan erostea da oraindik aukera nagusia 30-34 urte bitartekoan artean, hamar lagunetik seik aukera horren alde egiten baitute, zorpetze handia eskatzen duen arren. 30 urtetik beherakoen artean berriz, alokairua da aukera nagusia.

Ikerketak emantzipatutako gazteen etxe-tipologiaren argazkia ere eskaini du: gehienak erabilitako etxeak dira, 42 urteko batez besteko antzinatasuna dute eta 77 metro koadroko azalera. Hiru laguneko elkarbizitza-unitateak dira arruntenak emantzipatutako gazteen artean eta txostenaren arabera seme edo alaba bat daukan bikote eredu tradizionala da nagusi oraindik ere.

Txostenak utzi duen beste datu deigarri bat honakoa da: emantzipatu ez diren gazteen artean, 2015etik hona igo egin da etxea erosiko luketenen portzentajea, ia alokatzearen alde egingo luketenak berdintzeraino (%34,9k egiten du lehenbizikoaren alde eta %36,8k bigarrenaren alde). Aldiz, asko jaitsi da erosteko aukera ematen duen alokairuaren formularen alde egingo luketenen ehunekoa (%21,1 2015ean eta % 3,9 2019an).