Furgonetan “egoera irregularrean” zeuden hamabi pertsona zeramatzala adierazi du Ertzaintzak. Bidaiariek onartu dute Frantziatik Portugalera joateagatik 300 eta 600 euro artean ordaindu dituztela.
Abuztuaren 27ko goizaldean 34 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak A-8 autobidean, Oiartzunen (Gipuzkoa) parean. Furgoneta gidariak hamabi gizon zeramatzan Frantziatik Portugalera, eta guztiak “egoera irregularrean” dauden migranteak direla esan du Ertzaintzak. Adierazi dute furgoneta “alderrai” zirkulatzen ari zelako geldiarazi dutela, eta pertsonen legez kanpoko trafikoa leporatu diote.
Furgonetan zeuden hamabi pertsonak identifikatu dituzte, eta bidaiariek onartu dute Frantziatik Portugalera joateagatik 300 eta 600 euro artean ordaindu izana. Atxilotua polizia-dependentzietara eraman dute, eta bidezko eginbideak amaitzean, epailearen esku utziko dute.
Hego eta Ipar Euskal Herriko muga pasatzen laguntzea diru truke
Ez da lehen aldia uda honetan horrelako gertaeraren bat izan dena. Uztailean 51 urteko gizon bat atxilotu zuten Baionan, pertsona migranteei diru truke Hego eta Ipar Euskal Herria bereizten dituen muga pasatzen laguntzeagatik. Irunen (Gipuzkoa) bi pertsona saharar jaso eta autoan Ipar Euskal Herrira eraman zituen. Baionako epaitegi batek hamabost hilabeteko kartzela-zigorra jarri zion, eta bost urtez Frantziako Estatura sartzea debekatu.
Azken hilabeteetan beste lau pertsona atxilotu dituzte antzeko praktikengatik, hainbat iturriren arabera.