EAEko Gobernuak hauteskundeak baino lehen 34 irrati lizentzia banatu zituen, baina banaketa hori baliogabe geratu zen atzo. Idoia Mendia bozeramaileak adierazi du “erantzukizuna eta zuhurtzia” dela-eta hartu dute erabakia, Jaurlaritza “laster aldatuko delako”.
Duela bi hilabete eman zioten lizentzia probisionala EAEko 34 irratiri. Hedabide asko zerrenda horretatik kanpo geratu ziren, Gara, Tas Tas (Bilbo), Hala Bedi (Gasteiz), Ttan Ttakun (Donostia) eta Bilbo Hiria (Bilbo), esaterako.
Bilbo Hiria eta Tas Tas irratiek aukera berri gisa ikusi dute Jaurlaritzak hartu berri duen erabakia: “Urte honetan bertan sortu diren enpresei lizentzia ematea eta urteak lanean ari garenoi ukatzea zalapartatsua iruditzen zaigu. Aukera berria dugu orain”, adierazi dio Bilbo Hiria irratiko kide batek Garako Alvaro Hilario kazetariari.
Lizentzia ziurtatuta zuen Antxeta Irratiko Agus Hernan kideak ez du erreakzio berdina izan. Garari egindako adierazpenetan, Hernanek zera adierazi du: “Guretzat kolpea izan da jada lanean ari ginelako proiektu berriaren aurrean. Inbertitutako denbora eta lana ere kontuan hartuta, noski”. Baina, irrati euskaldunei “ateak zabaldu” eta aukera berriak bermatzen dizkiela gaineratu du, komunikabide euskaldunen “aliantza” sor daitekeelakoan.
Irrati lizentziak Nafarroan
Nafarroako Gobernuak ere aurten 44 irrati lizentzia banatuko zituela adierazi zuen. Lizentziak banatzeko orduan, komunikabidearen aurrekontu eta kaudimen finantzarioak hartzen dituzte kontuan, 100etik 30 puntu balio ditu. Gainontzeko puntuaketa zeren arabera egiten duten ez dute zehaztu.
Euskalerria irratiak 25 urte daramatza lizentziarik gabe lanean. Eta lizentzia ez izateagatik ez dute diru-laguntzarik jasotzeko aukerarik. Kanpaina bat hasi dute Interneten Iruñerriko irrati euskaldun bakarrari lizentzia eman diezaioten. Herritarrek bozkatzen dute bertan eta jada 2.600 bozka baino gehiago jaso ditu.