CALIFATO 3/4
NOIZ: Irailaren 1ean.
NON: Iruñeko Zentral aretoan.
---------------------------------------------------------
Askorentzat oporretako azken eguna da. "Udari amaiera bikaina emateko plana", adierazi du batek. Igande iluntzea da eta ikusle talde frankestein bati eman dio ostatu Zentral aretoak. Agian hauxe da Iruñeko sektore jakin batzuk Flamenco On Fire jaialdira gerturatzeko aukera bakanetakoa. Txoznetan ere entzuten dugu ba Califato. Bide batez, gaur bertan jakin dut hiru bider lau dela, eta ez hiru laurden.
Lehenik, "agure" deitzeko moduko adina daukan gizon bat, bandak lagundurik, aulkitxo batean eserita. Zaharregia dela pentsatu dut taldeak duen erritmoari segitzeko (musikalki eta festibaletako birari dagokiona). Koplaka eta bokalak asko luzatzen kantatu du. Ez dakit mozkorregi-edo dagoen, baina ez diot ezer ulertu. Pozik bai, hori igartzen zaio. Andrés de Jerez omen. Lagun batek txibatu dit geroago.
Gero sartu da abeslaria eta hor gehiago kuadratu dit. Hiru egun Iruñean. Hilabete asko daramala depresioarekin. Guardiazibila nanana. Honaino etorri gara Andaluziatik… Horiek izan dira kontzertuan harrapatu ditudan pintzelada bakarrak. Honi ere ezer gutxi ulertu diot.
Musika gustatu zaidan? Kanta batzuk bai, beste batzuk ez. Oso luzea egin zait, momentuka motela ere bai. Crîtto de lâ Nabahâ hasieran egin dute (rave-prozesioa, denok ezagutzen duguna), eta ordutik aurrera, denak ezezagunak, eta nire gusturako aipatutakoaren mailara iristen ez direnak. Rumba Portugueçarekin ere dantzatu gara. Tekno pixka bat zegoenetan publikoa gora etorri da. Argi dago flamenkoa baino, zer den herriak gehiago nahi duena. Folkloriken mundua ezagutzen ez dudan arren, ikusi dut jendea bereziki piztu dela abesti batekin, eta pentsatu dut Durcal edo horietako bat bertsionatu dutela. Dokumentazio lan azkar batekin konfirmatuta: Lola Flores handiaren –zeren eta horiek guztiak ziren handiak– Historia de un amor kanta zen.
Gauza gutxi dut esateko, ez baitut ulertu. Makarrada bat da, beste testuinguru batean erosoago entzungo nukeena? Folklorea (ezkerretik) modernizatzeko saiakerak gustatzen zaizkit, baina gaur ez dut konektatu. Lehen banuen nire buruarekin autokonbentzitzeko zera bat. Baina nahikoa da, filtroa jartzen ikasi dut: Ez zait gustatu.
Eta, halaxe, heldu zaigu promesentzako bigarren aukera. Espero dut datorren ikasturtea ez dela hasiera hau bezain makur joanen.