argia.eus
INPRIMATU
33 irratsaio propiorekin hasi du bere 40. urtea Hala Bedi irratiak
  • Horietarik hamahiru dira euskaraz eginak, tartean hiru berri. Aurtengo programazioa aurkeztuko dute larunbat eguerdian, eta 40. urteurrena ospatuko dute arratsaldetik Gaztetxean, Gala Bedi jaian.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko azaroaren 16a
Hala Bediko kideak beste agerraldi batean. Argazkia: Hala Bedi.

Edukiz lepo hasi du 2023/2024 ikasturtea Hala Bedi irratiak. Urteroko magazinez gain – Suelta la Olla, Zebrabidea eta Hizpidea– 33 irratsaio propio emitituko ditu. “Gainera Arrosa sareari esker Euskal Herriko beste irrati batzuetan ekoitzitako hamar irratsaio ere entzun ahal izango dira gure uhinetan”, azaldu du irratiak ohar bidez.

Irratsaio berriak

33 irratsaioetatik lau berriak dira, horietariko hiru euskaraz: Arabazan edo ez bazan saioak ahozkotasuna izango du ardatz, “narratzearen arteaz eta ipuinen sinbologiaz” arituko dira besteak beste; Ogi Beltza-k “orainaldi beltza” jorratuko du elkarrizketa eta monologoen bitartez; Tarteka-k, artea izango du hizpide, “sortzaile ugariri eginiko elkarrizketak topatuko dituzu”; Besos Txao irratsaioa (gazteleraz), “bazterreko literaturaz” ariko da.

Parrillada eta Gala Bedi 40 urte ospatzeko

Ikasturteko programazioa aurkezteko urteroko zita da Hala Bediren parrillada jaia. Eguerdiko 11:00etan hasiko da, Hala Bedi Tabernan, eta besteak bete irratsaio berrietako kideek euren asmoak azalduko dituzte. Baina ospakizunerako motiboa doblea da aurten, irratiak 40 urte egin dituelako, eta horregatik jaia Gaztetxean luzatuko dute, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. 40 urtez: gure patatatik zuenera dokumentala izango da ikusgai hasteko, eta gauean kontzertuak izango dira.

“Lau hamarkada pasata ere, komunikabide libreak behar-beharrezkoak direla erakusten digu egunero errealitateak, horregatik gure lanarekin jarraitzeko beharretik eta ilusiotik ekiten dugu”, azaldu dute irrati libretik.