argia.eus
INPRIMATU
33 eskolatako ikasleak gerturatuko dira Ikusi Mikusi haur eta gazte literatur azokara
  • Haur eta gazteei zuzenduta euskaraz dagoen literatur azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Saran egingo dute eta Euskal Herri osoko 33 eskolatako 1.396 ikaslek, familiek eta arloko profesionalek hartuko dute parte. "Hazi handiak ereiten ditugu haur eta gazte horiengan".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko urriaren 10a
Ekitaldi guztiak haurrentzat gogoetatuta eta diseinatuta daude, bai altzarien aldetik, bai espazioaren antolaketa aldetik, baita programatutako ekitaldi eta jardueren aldetik ere. Argazkiak: Ikusi Mikusi

Urriaren 20 eta 21ean egingo dute azoka. Alegia, Azpilkueta, Lekaroz edo Garralda herri eskolak, Orio, Baigorri, Basaburu edo Ortzaizeko ikastolak, Eztitxu Robles eta Kattalin Elizalde kolegioak… Guztira 33 ikastetxe daude gonbidatuta Eskolen Egunean, azokaren lehen egunean. Beste hainbat ikastetxeri ezetz esan behar izan diete, eskaera guztiari ezin baitiote aurre egin. Ikasle bakoitzari 15 euroko bonoa emango zaio, liburu bat erosteko.

“Biziki gustura heldu dira haur eta gazteak azokara, beren eskolarekin; aurretik lan bat egina dute, idatzia edo grafikoa, eta beraien lanak erakusketa handi batean kokatuak dira –azaldu digu azokaren antolatzaileetako bat den Amaia Hennebuttek–. Batzuek idazle edo ilustratzaile bat galdekatuko dute eta aurretik lantzen dute gaia. Haiendako plazer handia da, egun osoa berek maite duten munduan pasako baitute: liburuak, albumak, ikuskizunak, tailerrak. Gainera, 15 euroko bono-oparia jasotzen dute, eta horrek poza eta ohore ikaragarria sortzen die: iduri du altxor bat ematen diegula, bakoitzak berak nahi duen liburua hautatu eta etxera doa liburu horrekin, sekulako atxikimendua eta altxorra bilakatzen da liburu hori”.

"15 euroko bono-oparia jasotzen dute ikasleek, bakoitzak berak nahi duen liburua hautatu eta etxera doa liburu horrekin, sekulako atxikimendua eta altxorra bilakatzen da liburu hori"

Urriaren 20a Profesionalen Eguna ere bada, eta arloko berritasunen aurkezpenak eta profesionalen arteko hartu-emanak sustatzeko baliatzen da. Azken finean, haur eta gazte literaturan sekulako sorkuntza dagoela nabarmendu du Hennebuttek, "eta arlo aberatsa bilakatzen ari da".

Bigarren eguna Familien Eguna da, "euskal liburuen inguruan une goxo bat igarotzea" xede. 60 proposamen artistikoz gozatzeko aukera dago bi egunetan, ikuskizunak, kontakizunak, tailerrak, galdeketak… tarteko. Literaturaren inguruan elkartzea, haur eta gazteei aukerak ematea irakurtzeko, kondairak entzuteko, hitzekin jolasteko eta idazteko, eta idazle eta ilustratzaileekin zuzenean topo egitea ditu helburu azokak, besteren artean.

Euskarari "egiazko eta premiazko tokia"

Ekitaldi guztiak haurrentzat gogoetatuta eta diseinatuta daude, bai altzarien aldetik, bai espazioaren antolaketa aldetik, baita programatutako ekitaldi eta jardueren aldetik ere. Eta Hennebuttek harro gehitu duenez, euskara hutsez da: "Liburu elebidunak ez ditugu onartzen. Behingoz, euskarari egiazko eta premiazko toki bat eskaintzeko". Orain arteko emaitzekin eta azokak duen harrerarekin biziki gustura eta baikor, orain "erronka izango da kalitatezko irizpideetan irautea".