argia.eus
INPRIMATU
32.449 pertsona daude mediku espezializatuen kontsultaren zain Gipuzkoan
  • Itxaron zerrendaren gorakadaren ondorioz, klinika pribatuetara 1.282 pertsona bideratu dituzte 2022an, eta 2.4 milioi euroko gastua izan da.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 22a
Donostiako Ospitalea. // Argazkia: Euskadi.eus

Gora egin du Gipuzkoako osasun-sistemako mediku espezializatuen kontsulten itxaron-zerrendak: guztira 32.449 paziente daude kontsulta noiz jasoko zain, eta %3.54 egin du gora. Aldi berean, gorakada nabarmena izan du osasun-sistema publikoan itxaron-zerrendak murrizteko asmoz osasun pribatura bideratu dituzten pazienteen kopuruak. Lau hilabeteko epean, uztailetik azarora, Osakidetzak 2022an baino %1.128,3 paziente gehiago bideratu ditu zentro mediko pribatuetara, Naizek jakinarazi duenez. Horren ondorioz, klinika pribatuetara 1.282 pertsona bideratu dira, eta 2.4 milioi euroko gastua izan da.

Itxaron-zerrendan, espezialitate medikoaren arabera, alde nabarmena dago. Gipuzkoan kirurgia orokorreko 589 paziente gehiago izan dira, 1.600 daude itxaron-zerrendan; Ginekologia eta Obstetrizian, berriz, 499 gehiago, 3.562 paziente guztira. Donostialdeak hobera egin du kontsulta ginekologikoetan, eta itxaronaldia 27tik 7 egunera murriztu da. Debagoienak, aldiz, gorakada nabarmena izan du kontsulta horietan, eta 222 paziente daude zain. Esaterako, Kardiologiako pazienteek 184 egun itxaroten dituzte.