Aurtengo zenbakiak azken urteetan eman direnen oso antzekoak izan dira: 320 argitalpen fisiko zein digital pasa zenbatu ditugu 2015ean. Zerrenda honetatik, ia 200 dira autoekoitziak, eta 100 baino gutxiago diskoetxe profesionalek finantzatu eta babestu dituzte.
Euskal Herriko musikagintzaren urtebeteko uzta jaso dugu berriz. Akaso ez oso-osoa, baina ez dudarik egin oso zerrenda konpletoa dakarkizuegula. Ez gara hitz alperretan galduko ordea. Izan ere, aurtengo zenbakiak azken urteetan eman direnen oso antzekoak izan baitira: 320 argitalpen fisiko zein digital pasa zenbatu ditugu 2015ean. Zerrenda honetatik, ia 200 dira autoekoitziak, eta 100 baino gutxiago diskoetxe profesionalek finantzatu eta babestu dituzte.
Euskarri edo formatu guztiak erabili dira (digitaletik binilora) eta musiken aniztasuna ere datu aipagarria da, rockaren eremuko lanak nagusi badira ere. Hizkuntza kontuetan ere, aldaketa gutxi. Euskara izan da nagusi 2015eko argitalpenen artean.
Beti bezala, zerrendarekin batera, Gureandoinu 2015 honetan urteari errepasoa eta iritzi artikulu bat ere aurkituko dituzue.
Entzun! eta Harrobia Lantzen egitasmoaren arteko elkarlanaren emaitza da Gureandoinu musika-argitalpenen zerrenda. 2006an hasi ginen Euskal Herriko talde zein artistek argitaratutako diskoen zerrenda egiten eta argitaratzen.
Hala ere, emaitza horiek modu txukunago batean eman genitzakeela ikusi genuen eta PDF formatuko argitalpen berezi bat egitea otu zitzaigun: Gureandoinu. Oso ongi azaldu du Inaxio Ensola kazetariak aurtengo zenbakiaren editorialean: "Argitalpen guztiei ikusgarritasuna emateko asmoarekin sortu genuen Gureandoinu egitasmoa. Tematuak segitzen dugu gure sormena dokumentatzen. Beharrezkoa delako, eta batez ere, nahi dugulako".
(Albiste hau Entzun!-etik ekarri dugu ARGIAra CC-BY-SA lizentzia baliatuta. Bertan aipatzen den Gureandoinu argitalpena deskargatzeko albistera jo eta jaso bertatik).