argia.eus
INPRIMATU
32.000 lagunek baino gehiagok janari-bankura jotzen dute Nafarroan
  • Datu makroekonomikoek  ekonomia hobera egiten ari dela dioten arren,  herritar askorentzat egoera bestelakoa dela dio Nafarroako elikagai bankuak.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko uztailaren 18a
Nafarroako elikagai bankua

2008-2014 urteen artean hazten joan zen janari banaketa; azken lau urteotan, ordea, jaisten hasi da elikagai bankuan laguntza eskatzen duten pertsonen kopurua. Hala ere, nafar askok jarraitzen du laguntza horren premia edukitzen, elikatu ahal izateko. 32.791 pertsona dira guztira.

Elikagai bankuko kideek Noticias egunkarian azaldu dutenez, aldatu dena pertsonen profila da, langabezia jaitsi arren prekarietatea igo delako.

Nafarroako ekoizleen, Iruñeko mankomunitatearen eta Europar Batasunaren laguntzari esker lortzen ditu elikagaiak bankuak eta egunero lanean ari diren 180 bolondresi esker dago proiektua bizirik.

Joaquin Fernandez elikagai bankuko lehendakariaren arabera, lanean dauden pertsona batzuek ere laguntza behar dute. “Egia da krisiak hobera egin duela baina ez sinestarazi nahi diguten beste”.

Urtean 102 kilo elikagai banatzen dituzte, “euro bakoitzeko hamaika kilo banatzen ditugu, baina etorkizunerako gure helburua janari kopurua handitzea da”.

Eskolekin ere harreman estua egin dutela gaineratu du, “lanean gabiltzan gehienok nagusiak gara eta gazteak behar ditugulako”.