argia.eus
INPRIMATU
2.300 euroko isuna jarri dio Zornotzako Udalak Martz grafitigileari
  • Herrian grafitiak egiteagatik ezarri diote zigorra. Martzek adierazpen askatasunaren eraso gisa ikusten du gertatutakoa eta esan du ez duela isuna ordainduko. Hainbat artistaren babesa jaso du.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 29a
Pandemia garaian ezabatu zuten Martzen grafitia. Argazkia: Zornotzako EH Bildu

Zornotzako Udalak 2.300 euroko isuna jarri dio Marcel Do Nascimiento Martz grafitigileari herriko hormetan marrazteagatik. Apiril honetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren enbargo mehatxua jaso du, eta EAJren Udalak ezabatu egin ditu herrian egin dituen obra guztiak. Artistak adierazpen askatasunaren eta arte espresioaren aurkako erasotzat jo du gertatua, eta esan du ez duela isuna ordainduko.

Martzek astelehen honetan egin du Udalaren jarrera salatzeko adierazpen publikoa. Zornotzarrak salaketa sozialak egiteko erabiltzen ditu bere obrak, eta esan du “beldurra sartzeko” modua bilatu nahi izan duela Udalak bere lanak ezabatuz. Grafitiek ez dute inor iraintzen, eta Martzek hormen jabeen baimena izaten du hauek margotzeko, beraz, ez du ulertzen zergatik jo duten haren aurka. 

Adierazpenean hainbat artistaren babesa jaso du. Patxi González Sema aktorea, Miren Larrea ipuin kontalari eta antzezlea eta Fran Lasuen musikaria izan dira bertan. Martzek hauen elkartasuna eta beste hainbat eragileren laguntza baliatuko du egoerari aurre egiteko: 2.300 euroko isuna ez duela ordainduko esan du, baina eskaerak aurrera jarraitzen badu, crowfunding kanpaina abiatu beharko duela.

Artistak salatu du beste margolan batzuk ez dituztela ezabatu, Udalak gogoko dituenak uzten dituela, baina adierazpen kutsua duten beste asko kentzen dituela. Alde horretatik, berekiko izan duten jarrera kritikatu du: hainbat proiektutan babesa eskaini diote —2020ko otsailean Zelaietan egin zuen erakusketa Udalaren laguntzarekin egin zuen—, baina, beste hainbatetan, kontrako jarrera erakutsi dute —pandemiaren hasieran egin zuen murala ezabatu zioten—.

2020ko uda

2020ko udan jaso zuen artistak lehen abisua. Udalak zigor espediente bat ireki zion, eta Martzek errekurtso bat aurkeztu zuen arren, prozedurak aurrera egin zuen. Apirilean Foru Aldundiaren enbargo mehatxu bat jaso zuen, eta horren harira ezabatu dituzte bere muralak.