argia.eus
INPRIMATU
32 urte ondoren, prokuradorearentzat “goiz” da Ion Parot askatzeko
  • Ostiral honetan Ion Paroten alde galdetutako 6. baldintzapeko askatasun eskaera aztertu du Terrorismoaren Aurkako Parisko auzitegiak eta, espero bezala, prokuradorea kontra agertu da, bere ustez presoa ateratzeko goiz delako.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 13a
Apirilean Esnal eta Parot anaiak askatzeko Urruñan egindako mobilizazioa.(Argazkia: @Artisans_Paix)

Ostiral honetan ikusi dira Ion Parot askatzeko defentsaren eta prokuradorearen aldeko eta kontrako arrazoiak. Orain Parisko auzitegiak ekainaren 15ean epaia emango du. Prokuradoreak "goiz dela" aipatu du, baina Parotek 32 urte daramatza preso, kartzela osoko zigorrarekin. Gaur egun Mureteko espetxean da.

Dena den, aipatu behar da ez dela ohikoa zigor hori izanda ere, norbait horrenbeste denbora preso izatea, kasuak egon badauden arren . Erabakiaren aurrean protesta egiteko ostiralean elkarretaratzea deitu dute 19:00etan Baionako Herriko Etxearen aurrean.

Parisko Dei Ganberak, halaber, datorren maiatzaren 19an aztertuko du Jakes Esnalen askatasun eskaera. Parotek bezala, hark ere 32 urte daramatza preso. Eta beste horrenbeste darama Ionen anaia Unai Parotek Leongo (Espainia) espetxean. Hirurak 1990ean atxilotu zituzten, ETAko Argala komandoko kideak zirenean.