argia.eus
INPRIMATU
32 pertsona baino gehiago itota hil dira asteartean Kanariar Uharteetara heldu nahian
  • 50 pertsona zeramatzan patera Kanariar Irletarako bidea egiten ari zen. Olatu batek buelta eman zion eta 32 lagun baino gehiago hil dira asteartean Dakhlako kostan. Hamar pertsona erreskatatzea lortu dute.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 06a
Argazkia: Euro Mediterranean Human Rights Monitor

Gutxienez 32 pertsona hil dira itota astearte gauean Dakhlako kostan (Mendebaldeko Sahara), Kanariar Irletara heltzeko bidean. Itsasoko bidaia egiteko erabilitako pateran 50 pertsona inguru zihoazen, eta horietatik hamar baino ez dira salbatu: sei emakume eta lau gizonezko.

Datu ofizialek 32 hildako zenbatu badituzte ere, Helena Malero Garzón Caminando Fronteras elkarteko bozeramaile eta migrazioan adituak hamar gehiago atzeman ditu: 30 emakume, zortzi ume eta lau gizonezko, guztira. 

Malerok sare sozialetan informatu du gertatutakoaz. Antza, bidaia abiatu eta ordu erdira, migratzaileen patera urez betetzen hasi zen. “Olatu batek ontziari buelta eman zion, eta horrela gertatu zen tragedia”. Migratzaile askok beren familia kideak galdu dituzte istripuan.

Ontzi tradizional batean zeuden arrantzale batzuk gertakariaren lekuko izan dira. Beren itsasontziarekin, hamar pertsona erreskatatzea lortu dute, eta gendarmeriari abisua eman diote. Dakhla News hedabideak jaso duenez, Polizia eta babes zibileko pertsonalak heltzean, hamabi gorpu errekuperatu dituzte (Malerok soilik bat aurkitu dutela esan du).

2.987 hildako, sei hilabetean

Caminando Fronteras GKEak 2021eko lehen sei hilabeteetako migrazioen datuak plazaratu ditu. Zenbatu ahal izan dituzten kasuen artean, Espainiako Estatura heltzen saiatzean hil diren 2.087 pertsona atzeman dituzte urtarriletik ekainera bitartean; 2020 osoan, 2.170 izan ziren.

El País komunikabideak jaso duenez, 7.531 migratzaile heldu dira Kanariar Irletara 2021ean zehar, 200 pateratan. 2020ko datuekin alderatuta, %136ko hazkundea egon da.