Pasa den larunbatean (hilak 22) hasi ziren presoen arteko borrokak Ekuadorko Guayaquil hiriko Litoral espetxean. Iturri ofizialek jakinarazi dute 31 preso hil direla, eta hamahiru zauritu –baita polizia bat ere–. Poliziak eta Armadak "kontrola" berreskuratu dutela adierazi du gobernuak.
Los Lobos eta Los Tiguerones bandetako presoen arteko guda lehertu da haien arteko su-etena hautsi eta aste gutxira. Bi talde horien helburua da Ekuadorko presondegietako barne-kontrola hartzea, agintariek adierazi dutenez.
"Estatuaren indarra sekula ez da uzkurtuko", esan du Barne ministro Juan Zapatak, "ekuadortarren lasaitasun eta bakea berreskuratuko du".
Guillermo Lasso presidenteak, bestalde, salbuespen-egoera ezarri du presondegi guztietan, bizi den egoera dela-eta. Guayaquileko espetxeko liskarrak hasi zirenean, beste hamabi presondegitan gose grebak abiatu zituzten presoek; 137 funtzionario atxiki zituzten, eta asteartean askatu dituzte horietatik 120. Aurrez ere izan dira gose greba gehiago, beste kartzela batzuetara lekualdatzea eskatzen duten presoek bultzatuta.
Hau guztia gertatzen ari da presidentetzarako hauteskunde-kanpainaren erdian –abuztuaren 20rako deitu dituzte bozak–, zeinak hasiera bortitza izan duen: asteburuan Manta hiriko alkate Agustin Intrigo hil dute tiroz, baita Ariana Chancay emakume gaztea ere, alkateari hurbildu zitzaiona nesken auzoko Las Dragonas futbol taldearentzat uniformea erosteko laguntza eske.