argia.eus
INPRIMATU
31.000 milioi euro: Valentziako erkidegoak bere urteko aurrekontuetako adina diru eskatu dio Espainiako Gobernuari
  • Uholdeek hartu duten zonaldea "katastrofiko" izendatuko du Valentziako Generalitateak, eta 31.400 milioi euroko laguntza eskatu dio Espainiako Gobernuari, tanta hotzak eragindako kalteak konpontzeko. Pedro Sánchez presidenteak astearte eguerdiko agerraldian argitu du 10.600 milioi euroko laguntza emango duela guztira, eta "neurri errealistak" jada martxan jarri dituztela.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko azaroaren 05

Valentziako erkidegoko gobernuaren 2024ko aurrekontua 31.520 milioi eurokoa da, Espainiako Aldizkari Ofizialean jasota geratu zenez. Bada, Valentziako Carlos Mazón presidenteak esan du ia kopuru hori adina diru –31.400 milioi euro– beharko duela, lehen aurreikuspenen arabera, tanta hotzak eragindako txikizioei aurre egiteko. Kalteen "lehen kalkulu azkar" baten berri eman du Espainiako Gobernuak: garraio azpiegituretan 2.600 milioi euro.

Valentziako presidente Mazónek Espainiako Gobernuari eskatu dio diru kantitate hori, batetik, etxeak garbitu, ibilgailu berriak erosi eta azpiegiturak konpontzeko edo berreraikitzeko; eta bestetik, inklusiorako errenta bat sortzeko "kalte larrienak" jasan dituzten bizilagunentzat. Valentziako Gobernuak ere ipiniko du dirua, 250 milioi euroko partida bat momentuz, zonalde kaltetuak berreraikitzeko.

Pedro Sánchez presidenteak astearte eguerdiko agerraldian zehaztu du Espainiako Gobernuak emango dituen laguntzen zifra: 10.600 milioi euro. "Lehen pausu anbiziotsua" dela ziurtatu du Sánchezek, eta "neurri errealistak" jada martxan jarriko dituztela esan du. Ministroen Kontseiluak onartu ditu laguntza hauek kalteak jasan dituzten pertsona eta enpresentzat: 72.000 euro arte ezintasunak dituztenen kasuetarako, 60.000 euro arte kaltetutako etxebizitzak konpontzeko, eta 10.300 euro arte galdutako edo kaltetutako altzari eta etxetresna elektrikoetarako.

Mazónen dimisio eskaera

Espainiako Gobernuari eskatutako laguntza horren berri ematera joan denean, prentsaurrekora bidean, ugariak izan dira Carlos Mazón presidentearen aurkako oihuak eta dimisio eskeak. Izan ere, Valentzian denboraleak eragindako hildakoen –gutxienez 218, azken zenbaketen arabera– eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia izatea litzateke, Urko Apaolazak albiste honetan kontatzen zuen moduan. Eta, horrexegatik, jende askok salatu du Generalitateak egin duen larrialdiaren kudeaketa.

Astebete pasatu da gertakari lazgarrietatik. Aemet meteorologia agentziak goizean goizetik abisu gorria eman zuen, ur konfederazioak ere alarma jo zuen eguerdirako, eta ia zortzi ordu geroago aktibatu zituen Carlos Mazónen gobernuak abisu gorria eta mugikorrerako ohartarazpen mezuak. Are gehiago, Mazónek berak arratsaldeko lehen orduan, oraindik erauntsiaren okerrena iristear zela, esan zuen egoera “egonkorturik” zegoela eta okerrena pasa zela. Sare sozialetatik hanka sartze hori borratu du Valentziako presidenteak.

Gerora, zerbait esateagatik, negargarria izan da larrialdi osteko gestioa. Laguntza berandu heldu da, heltzen ari da astebete igaro denean ere, eta berandu eta tantaka datorrenaren zalantzarik ez du inork egiten. Bien bitartean, xextra betean dira administrazioak, PPren ardurapeko Valentziako Generalitatea eta PSOEren Espainiako Gobernua. Eta alderdi politikoak horrela egonik, haien ildoko hedabideak norabide berean ari dira. Ikusi besterik ez daude El País-en iritzi-artikulu eta editorialak, Mazónen eta PPren jarduna kritikatzen, eta El Mundo-renak, PSOE larrutzen.

Larrialdiaren gestio txarraren aurrean, ugariak izan dira autonomia-estatutuen funtzionamenduen aurkako mezuak. Are gehiago, tramiteak atzeratu egin direla argudiatuta, egon da gobernu zentral eta bakar baten alde mintzatu denik ere.

Valentziako kalteen ondorioak, Euskal Herrian

Produktu jakin batzuen prezioak igotzea, laranjena, adibidez, ez da harritzekoa izango. Baina hori baino lehen, enpresetan ari da eraginik izaten. Izan ere, Euskal Herriko enpresa ugariren hornitzaileak Valentzian daude, tartean Iruñeko Landaben poligonoan dagoen Volkswagen auto-enpresa alemaniarrarenak.

Nabeak bi lan-txanda eten ditu astelehenean, bere hiru hornitzaile handiek kalte handiak jasan dituztelako instalazioetan. Dena dela, EiTBren esanetan, "normaltasuna" espero da asteartean.