argia.eus
INPRIMATU
31 hildako eta 200 desagertu baino gehiago dagoeneko, Kalifornia iparraldeko sute bortitzetan
  • San Frantzisko inguruetan 45.000 hektarea eta 6.450 etxebizitza erre, eta gutxienez 29 hildako utzi dituen “Camp Fire” sutea izan da gogorrena.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 12a
Paradise (Kalifornia) hiriko auzogune bat kiskalita. Argazkia: @washingtonpost

Kalifornia iparraldean ostegunean piztu zen sutea ezin kontrolaturik jarraitzen dute suhiltzaileek. 31 hildako erregistratu dira dagoeneko eta desagerturik jarraitzen duten 228 pertsona ingururen bilaketa lanetan murgildurik dihardute erreskate taldekoek.

Sutea piztearen benetako kausa ez dute argitu oraindik eta egun hauetan izaten ari diren haizeteek suhiltzaileen lana nabarmen zailtzen dute. Suteak kalte larriak eragin ditu, besteak beste, San Frantzisko inguruko Paradise hiria ia erabat kiskalita utzi du.

Suhiltzaileek adierazi dutenez, ez dute baztertzen goi tentsioko lineak erangindako txinparta baten ondorioz sua piztu izanaren hipotesia. Geroztik, airearen kalitate txarra medio, alerta gorrian daude San Frantziskon.

Jerry Brown Kaliforniako gobernadoreak aitortu du, “dagoeneko 300.000 pertsona beren etxeetatik ebakuatu” direla eta horietako askok “zuten guztia galdu” dutela. Kaltetuek laguntza ekonomiko eta psikologikoak jasotzeko, “hondamendi eremua izendatzeko” eskatu dio Brown-ek Donald Trump AEBetako presidenteari.

Trump-ek erantzun du, “basoen kudeaketan urtero milaka milioi dolar xahutu eta kudeaketa txarraren ondorioz dozenaka lagun hiltzen” direla. Egoera horri irtenbiderik eman ezean diru-laguntzak “moztuko” dituela ere iragarri du presidenteak.

 

Los Angelesen “Woolsey” sutea

“Camp Fire” hondamendiaren ostean, Los Angelesen “beste sute bat piztu da. Honakoak 33.600 hektarea eta 177 etxebizitza erre ditu, Malibu, Calabasas eta Thousan Oaks inguruetan gehienbat. Bi hildako erregistratu dira oraingoz.